Gertutasuna eta ingurumena aintzat hartzen duten ekoizleak egongo dira Urduñan apirilaren 29an Foru Plazan 10:00etatik aurrera. Ordu horretan hasiko dira saltzen nekazari eta abeltzain ekologikoak euren produktuak. Ingurumena errespetatzen dutela ez ezik, antolatzaileek bermatuko dute gertukoak izatea, aztarna ekologikoa ahalik eta txikiena izan dadin.
Janaria ez ezik -ogiak ere leku berezia izango du-, artisauek kotoi, artile edo zeta ekologikoz eta tindagai naturalez eginiko arropak ekarriko dituzte hirira, esparru hori ere lantzeko asmoz.
Gastronomia gogoko dutenentzat showcookingerako tartea ere egongo da. Izan ere, “Ortutik ahora” catering enpresak erakustaldia egingo du azokan eskuratutako elikagaiekin. Nahi duenak parte hartzeko aukera izango du, sukaldaritza agroekologikoan lehenengo urratsak emateko, adibidez.
Bukatzeko, 14:30ak aldera, bazkaria gauzatuko dute. Menua paella ekologikoak osatuko du eta txartelak 5 euroren truke erosteko parada emango dute egunean bertan Turismo Bulegoan. Aipatutakoaz gain, musikak girotuko du azoka goiz osoan.