Urduñako Pitch & Putt zelaian batu dira asteburuan Iberiar Penintsulako lehen Openeko partaideak. Guztira, 11 taldek hartu dute parte. Euskal Herritik ez ezik, Kataluniatik, Galiziatik eta Andorratik ere etorri da jendea.
Maiatzaren 12an abiatu zituzten entrenamendu saioak. Hala, kirola gertutik ezagutu nahi izan dutenek izan dute haiekin aritzeko aukera.
Emaitzak
Larunbatean bi proba egin zituzten, eta igandean azkenekoa. Sailkapenari dagokionez, Olympus1-Can Rafek izan da lehen postuan kokatu dena, Tambre geratu da bigarren eta Casa Vella Aparthotel hirugarren. Urduñarrik onena ere saritu zuten, "Urduña 1" taldea, hain zuzen. Dena den, atzetik baina gertutik izan zuten "Basque Team 1" taldea, kolpe bateko aldea atera baitzieten irabazleek.
Europako txapelketa, datorren urtean
Binakako txapelketan Victor Rodrigez eta Jorge Carollo nagusitu ziren, 50 kolpetan osatu baitzuten ibilbidea. Banaka, aldiz, berdindu egin zuten Dani Coleman katalanak eta Tomas Escarda galiziarrak, 55 jaurtiketarekin.
Igande arratsaldean banatu zituzten sariak, Pitch & Putt elkarteetako hainbat lehendakarirekin. Besteak beste, Victor Rodrigez (Galizia), Federico Ruiz de Hilla (Euskadi) eta Victor Moscatel bertaratu ziren (FIPPAko lehendakaria, Federation of International Pitch and Putt Associations). Moscatelek aurreratu zuenez, gainera, Urduñan jokatuko da 2018ko Europako taldekako Pitch & Putt txapelketa.