Urduñako Udalak “positiboki” baloratu ditu aurtengo otxomaio jaiak. “Ospakizunek parte hartze handia izan dute eta ez da istilurik egon”, adierazi du Eriz Perez kultur zinegotziak, eta nabarmendu ez dela eraso sexistarik salatu.
Herriko norbanako eta kolektiboei helarazi die udalak jaien balorazioan parte hartzeko gonbitea. Posta elektroniko bat jarri dute horretarako: zikoina@urduna.com. Bertan jasoko dituzte hiriko elkarte eta auzokideen mezuak. Hurrengo urteei begirako ideiak ere onartuko dituztela gaineratu dute udal ordezkariek.
Balorazio ofiziala 31an
Datorren asteko asteazkenean (maiatzak 31) bilduko da Jai Batzordea, eta bertan egingo dute balorazio ofiziala, jasotako iritzi guztiak kontuan izanda.