4,23 milioi euroko udal-aurrekontua onartu zuen Urduñako Udalak iragan asteazkeneko udal osoko bilkuran. EH Bilduk alde bozkatu zuen. EAJ, aldiz, argudiatu zuten aurrekontuen gehiengoarekin ados zeudela, baina ez zirela bermatzen aurreikusten ziren gastu batzuk egiteko behar ziren diru-sarrerak. Horregatik, aurrekontuen aurka bozkatu zuten jeltzaleek.
Udalbatza hori baino bi egun lehenago egin zuten aurrekontuen aurkezpen-irekia. “Udal-aurrekontua zer den eta nola egiten den azaldu zen eta zalantzak argitzeko aukera egon zen”, adierazi dute udaletik. Udal-ordezkariek aitortu dute herritarren parte hartzea ez zela oso handia izan, baina positiboki baloratu dute aurkezpena. “Kontuak beti gardenak eta ulertzeko errazak izan behar dira herritarrentzat, dirua guztiona delako”, aldarrikatu dute.
Dirua, arloz arlo
Aurrekontuaren diruaren gehiengoa (% 38,97) bideratuko da ogasunera eta barne erregimenari dagokion gastura. Hau da, udalaren ohiko funtzionamendu gastuetara. Gainontzeko dirua udaleko hainbat arloetan banatuko da: % 17,83a ongizate arlora bideratuko da, % 16,38a hirigintza eta ingurumenera eta % 10,7a kulturarekin, kirolarekin, euskararekin eta hezkuntzarekin erlazionatutako politiketara.
Egoera ekonomia “kezkagarria” izaten jarraitzen du
Udal-gobernutik adierazi dute egoera ekonomikoa “hobetu” egin dela, baina “kezkagarria” izaten jarraitzen duela. “Diru-sarrerak eta diru-laguntzak geroz eta gutxiago dira eta gastu edo beharrak ez dira murrizten”, azaldu dute, eta nabarmendu dute “oso eskasa” izaten jarraitzen duela “udalak auto-finantzatzeko duen gaitasuna”. Hala ere, udaletik jakinarazi dute “urtero-urtero” gauzak egiten direla eta “mantendu” egiten direla herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak.
Zorra BBKrekin eta La Caixarekin
1,4 milioi euroko zorra du Urduñako Udalak BBKrekin, 2004 eta 2005 urteetan eginiko mailegu bategatik. Ez da bakarra: Urduñederrak 1,97 milioi euro zor dizkie BBK eta La Caixari, eta iaz udalak beste mailegu bat jaso zuen IDAEtik (Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua), 399.167,45 eurokoa. Zor hori hamar urtetan kitatu beharko du instituzioak.
Sarreren gehiengoa, diru-laguntzen bidez
Udalaren diru-sarrera nagusiak zeintzuk diren ere azaldu dute udal-ordezkariek. Diru-laguntzen bidez jasotzen du udalak sarreren gehiengoa: 2.677.112 euro. Beste 807.695 euro jasoko ditu instituzioak zerga zuzenen bidez eta 75.000 zerga ez-zuzenen bidez. Hauek dira beste diru-sarrera nagusiak: tasak (559.643€), ondare sarrerak (93.100€), kapital transferentziak (31.950 €) eta hirigune ustiapenak (23.000 €).