Akordioa sinatu du Urduñako Udalak Bizkaiko Trafiko Lurraldeburuarekin. Udaletik jakinarazi dutenez, hitzarmen horrek ahalbidetuko du trafikoarekin erlazionatutako hainbat afera udalean bertan kudeatu ahal izatea. Trafiko zuzendaritzaren erregistroetara sartzeko aukera izango du Udalaren Ogasun Arloak horretarako.
Zirkulatzeko baimenaren edota gidabaimenaren helbide aldaketa eta ibilgailuen behin betiko baja izango dira aurrerantzean Bilbora joan gabe bideratu ahalko diren kontuetako batzuk. “Hori ere onuragarria izango da Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga kudeatzeko, ibilgailuen errolda etengabe berrituko delako”, azaldu dute udaletik, eta gaineratu dute ordaindu gabeko ordainagiriak telematikoki komunikatuko zaizkiola Trafiko Zuzendaritzari.