Zilarrezko Perretxikoa jasoko du bihar German Urruela urduñarrak, Turismo Bulegoan 12:30ean egingo den ekitaldian. Olaran elkarteak banatzen du sari hori urtero. Aurten Urruelari ematea erabaki dute, Bizkaiko Odol Emaileen Elkarteko kide gisa Urduñan azken 19 urteetan eginiko lana aitortzeko.
Azoka igandean
Iganderako, aldiz, San Juan azoka antolatu dute Olaraneko kideek. Udaletik adierazi dute hori dela “Bizkaian egiten den urteroko feria-merkaturik zaharrena”, eta jakinarazi dute aurten laugarrenez egingo duela bat Euskadiko Txaroles ganadu txapelketarekin. Egingo dira baita beste ekintza batzuk: euskal zaldien erakustaldia, artisautza, agroekologia eta bidezko merkataritza postuak, suarekin eginiko ferraketa eta umeentzako pottoka ibilaldia, besteak beste. Herri bazakariarekin amaituko da feria, 15:00etan.