Aucma elkartea legez kanpo uztea eskatu dute, Ivan Fandiñoren heriotza dela eta eginiko adierazpenengatik

Erredakzioa 2017ko eka. 21a, 07:30

Ivan Fandiño, artxibo irudi batean. / www.ivanfandino.net

17.000 pertsona baino gehiagok babestu dute momentuz ekimena.

Sinadura bilketa abiatu du norbanako batek Change.org web-gunean, Aucma elkarte animalistaren ilegalizazioa eskatzeko. Ivan Fandiñoren heriotza dela eta plazaratutako oharragatik eskatu dute elkartea legez kanpo uztea. Ohar horretan Aucmak adierazi zuen plazan “bi animali” hil zirela, “lehena zezen bat zen, bertan egon nahi ez zuen animalia irrazional bat. Bigarrena Ivan Fandiño zen, plazan zezena hiltzeko prest bere borondatez zegoena, ikusleen dibertimendurako. Benetan sentitzen dugu lehen animaliaren heriotza, bigarrenarena ez”.

Ilegalizazio eskaerak 17.000 pertsona baino gehiagoren babesa jaso du oso denbora gutxian. 25.000 sinadura biltzea aurreikusi dute, Elkarteen Erregistro Nazionalera eramateko.

Herritarren doluminak
Astelehenean egin zen Ivan Fandiñoren hileta, Urduñan. Ehunka lagun bertaratu ziren ekitaldira, zezenketen munduko hainbat pertsona ospetsu tartean: El Juli, Jose Tomas edota Javier Conde, besteak beste.

Oihartzun mediatiko nabarmena izan du toreatzaile urduñarraren heriotzak. Mariano Rajoy Espainiako Presidenteak twitterra baliatu du Fandiñoren familiari doluminak emateko. Gauza bera egin du  Errege-etxeak ere.

Baina Urduñakoak izan dira  doluminik sentikorrenak. “Ivan Fadiño oso pertsona maitatua zen herrian”, adierazi du Idoia Aginakok. Urduñako alkateak azaldu du Fandiño ez zela soilik toreatzailea, “pilotaria eta txistularia ere bazen.  Beti egon da gure artean, eta toki guztietara eraman du Urduñaren izena”. Pilotazale elkarteko kideek ere doluminak eman dizkiete senideei: “Frontoian ere bere adoreaz gozatzeko aukera  izan genuen hainbat urteetan. Ez dugu inoiz ahaztuko bere kemena eta bizipoza”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide