Ertzaintza jakinarazi du azken egunetan iruzur bidezko hainbat lapurreta gertatu direla EAEn. Lapurreta horietako bat Urduñan gertatu dela azaldu du poliziak. Beste bi salaketak Zumarragan eta Hondarribian jaso dira.
Ertzaintzak ohartarazi du lapurreta metodoa berdina izan dela hiru kasuetan: “Bi gizonezkok Ogasuneko, Katastroko edo Foru Aldundiko funtzionariotzat aurkezten dute euren burua etxebizitzetara sartzeko. Behin etxera sartzen direnean, batek biktimak distraitzen ditu eta bere laguntzaileak, aukera hori baliatuz, dirua, bitxiak eta balioko bestelako objektuak lapurtzen ditu”.
Hori dela eta, poliziak adierazi du ez zaiela utzi behar etxe barrura sartzen “ustekabean iristen diren teknikari edo langileei”, nahiz eta “enpresako jantzia” edo “akreditazioa” eraman. “Komeni da adinekoak jakinaren gainean izatea, haiek izaten baitira era honetako iruzurren biktima nagusiak”.