Urduñako Argieskema kooperatibak jaso du teknologia enpresa onenaren saria Urratsbatek antolatutako Euskadiko Lan Heziketako Ekintzaile Sari Banaketaren XI. edizioan. Eskema teknikoak digitalizatzeko proiektua garatu du Argieskemak, Eplan ingenieritza softwarea baliatuta. Horregatik eman diote saria.
“Eskema tekniko horiek 'googlemapseko mapa' bihurtzen dira”, azaldu dute kooperatibako kideek, “modu horretan, erreferentzi gurutzatu eta hiperesteken bidez, behe-tentsioko eskematik makina bateraino nabiga daiteke eta bere informazioak kontsultatu, hala nola, gidaliburuak, piezen zerrendak...”.
Errekonozimendu gehiago
Honakoa ez da proiektu horregatik Argieskemak jaso duen errekonozimendu bakarra. Iaz Telefónica Open Future programak hautatu zuen kooperatiba egitasmo horregatik.
Carlos Arranz eta Idoia Fernandez urduñarrek sortu zuten Argieskema, duela urte eta erdi. Pozik agertu dira lortutako sariarekin. “Ilusio handia ematen digu, gehien bat suposatzen duen errekonozimenduagatik”, adierazi dute.