Tradizioa berreskuratzeko goitiberak egongo dira Mikel Deunako jaietan

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko ira. 28a, 10:13

Bizilagunek antolatzen dituzte festak. / K.S

Ostiraletik igandera luzatuko dira jaiak Urduñako Mikel Deuna kalean.

Mikel Deuna auzoko bizilagunek elkarlanean atondu dute egitaraua. Ostiralean 20:00etan piztuko dute suziria; eta geroztik zabalik egongo da txosna, Kiko iturriaren aldamenean. Ondoren, "ZineKIKO" film emanaldiaz gozatzeko parada izango da kalean, 20:30ean.

Larunbata izango da egun nagusia. Patata tortila txapelketa egingo dute lehendabizi, 10:00etatik aurrera. Horrez gain, goizean zehar haurrentzat puzgarriak egongo dira. Eguerdian trikipoteoak girotuko ditu bazterrak, harik eta 15:00etan auzokideen argazkia zein bazkaria egin arte. Antolatzaileek adierazi dutenez, Marrazki tabernan eskura litezke txartelak.

Auzolana oinarri
Auzokideek antolatzen dituzte festak. Horren adierazle da larunbatean 12:00etan deitu duten mural margoketa herrikoia. Zernahigisaz, goitibera jaitsiera izango da aurtengo nobedadeetako bat. 17:00etan hasiko da ekimena. Karrak azaldu duenez, duela urte asko egiten zen ekimena kaleko jaietan: "Berreskuratu egin dugu. Tortilla txapelketa ere berria da".

Bestalde, korrika egiteko gogotsu daudenentzat buruhandiak egongo dira 18:00etan. Txokolatada ere eskainiko dute bizilagunek; eta 21:00etan parrillada.

Tradizioari jarraiki igel eta txapel jaurtitze txapelketa egingo dute auzoko plazan. Gaua, aldiz, Gwa Ya eta Dj Mikel Deunak girotuko dute, besteak beste. Igandean bukatuko dira festak, Marrazki tabernan gauzatuko den mus txapelketarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide