"Une historikoa eta garrantzitsua da Kataluniako erreferenduma"

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko urr. 1a, 12:25

Maitane Azkarraga / Maddi Isasi

MAITANE AZKARRAGAk (Urduña, 1979) Kataluniako erreferendumean hartu du parte. Herri galdeketaren antolakuntza zein prozesua nola bizi izan duen azaldu du.

Urteak daramatzazu bartzelonan bizitzen... nola laburtuko zenuke azken egunetan ikusitakoa?

Badira 11 urte Bartzelonara etorri nintzela. Batez ere, lana bilatzeko etorri nintzen.

Azken egunetan ikusi dudana momentu historikoa da; nagusiki Kataluniarentzat, baina baita Espainiarentzat ere.

 Zer iritzi duzu Kataluniako erreferendumari buruz?

Une historikoa eta garrantzitsua da Kataluniako erreferenduma. 

Bozkatzera joango zara? Zergatik?

Bai. Bozkatzera joango naiz, uzten badidate behintzat. Garrantzitsua iruditzen zait joatea, bozkatzea oinarrizko eskubidea da, eta nik erabili nahi dut. 

Jendeak primeran ulertu du afera: ez da independentziari "bai" edo "ez" esatea bakarrik, zalantzan daudenak demokrazia eta oinarrizko eskubideak dira. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua bozkatzera joatea.

 

Jendeak primeran ulertu du afera: ez da independentziari "bai" edo "ez" esatea bakarrik, zalantzan daudenak demokrazia eta oinarrizko eskubideak dira

  

Zerk harritu zaitu gehien?

 Katalunia puntu honetara nola heldu den. Parlamentu katalanak lege batzuk aldatu behar izan ditu bozkatu ahal izateko. 2006an piztu zen metxa hau estatutuarekin, jendeak lasai-lasai bozkatu zuen; eta Espainiako tribunal konstituzionalak bertan behera utzi zuen. Nire ustez, Espainiak aukera historikoa galdu zuen hor, seguru nago une hartan balitz erreferenduma ezetzak irabaziko zuela.

Atzo kalean bati entzun nion: Espainiarekin argi daukagu, ez daki irabazten edo galtzen; bakarrik garaitzen. Estatututik gaur arte jendea erre egin da, jendeak erreferenduma nahi du, bozkatu nahi du; "bai" edo "ez", baina bozkatu. Katalunian % 85ak nahi du erreferenduma. Independentista ez denak ere baietz bozkatuko du igandean.

Independentismora bide askotatik heldu gaitezkeela ulertu dut hemen. Herriak nahi duena ezin da estali, kontrako efektua lortzen da bestela. Hau ezin da geldit nahiz eta alkateak tribunaletara eraman, bozkatzeko paperak bahitu edo hauteslekuak itxi.

Sarri parekatu da Euskal Herria Kataluniarekin. Antzekotasunik nabari diezu zuk?

Bai, baina desberdintasunak ere bai. Zoritxarrez, Euskal Herria ez dago inondik inora ere momentu berean. Lehendakariak konparatzea baino ez dago, nik lotsa sentitu dut egun hauetan. Dena den, antzekotasunak ere badira, noski. Euskal Herrian eta Katalunian, bi herrietan, autodeterminazio eskubidea erabili nahi dute erreferendum batean, hori da antzekotasun handiena niretzako.

Aldarrikapenak eta protestak dira kaleetan nagusi. Nolako igandea espero duzu?

Gauza bat da nik espero dudana, eta beste bat gertatuko dena. Herri osoa egongo da kalean bozkatzeko guneak irekita egoteko.

Oso gauza polita gertatzen ari da hemen: auzoz auzo asanbladak egin dira bozkatzeko; hau da, ez daude alderdi politikoak atzean; auzoko entitate sozialak eta pertsonak baizik. Helburua bakarra da: auzoko bizilagun guztiei bozkatzeko eskubidea bermatzea. Ekintza ugari daude antolatuta hautesleku inguruetan, bakoitza dakiena egiten ari da: keramika tailerra, dantzak, herri bazkariak, kontzertuak... 

 

Jende asko badago inguruan ez dituzte bozkatzeko puntuak itxiko. Horregatik antolatu dira ikastetxe inguruetan ekitaldiak. Jendeari lasai bozkatzen laguntzeko ere antolakuntza asko dago

 

Mossoek egiteko bat dute: ordena mantentzea. Igandean jendea kalean egongo da, baina Espainiar estatuaren poliziak ere. Segurtasun Indarrak ez dira hona oporretan etorri, nahiz eta Piolin kruzeroan egon lotan; hauteslekuak ez irekitzeko etorri dira, argi eta garbi. Ikusiko da kaleetan nola moldatzen garen probokaziorik gabe. Jendeak oso argi du hau erresistentzia pazifikoa erabiliz lortu behar dela. Nik igandetik espero dudana bozkatzea da, Espainiar estatuak ez dezala indarrez gelditu herri osoaren sentimendua: erreferendum batean bozkatu ahal izatea.

 

Zentzu horretan zein mezu zabalduko zenieke herritarrei?

Beldurrik ez izateko eta bozkatzera hurbiltzeko. 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide