Urduñako Udalak jarraitzen du ezabatzen frankismoak hirian utzitako arrastoak. Urriko udalbatzan iragarri zuten hurrengo pausoa: udaletxeko Jesusen Bihotz Sakratuaren irudia kentzea.
Izan ere, 1938ko ekainean jarri zuten ikurra, tropa frankistak Urduñara sartu zireneko lehen urteurrena ospatzeko. Prentsa oharrean adierazi dutenez, "diktaduraren ikurtzat" jo dute.
Hilerriko ikerketak
Era berean, hilerriko 204 horma-hobi erabiltzeko aukera iraungitzea erabaki zen udalbatzan. Ez da hari berria, ekimena ekainean onartu zen eta.
"Errepresio frankistaren biktimen gorpuzkiak lokalizatu, berreskuratu eta identifikatzeko lanak atzeratuko lituzke hilkutxa gehiago ehorzteak", argitu dute. Erabakiaren berri ehorzte-eskubideen jabe diren herritarrei jakinarazi die aurrez Udalak, proiektuaren aurkako arrazoibideak aurkezteko epea ere zabaldu zuten, baina ez dute alegaziorik jaso.
Ildo beretik, Aranzadi Zientziaren lanekin jarraitzeko asmoa agertu dute: "2014an ere Urduñako kontzentrazio esparruan eta kartzelan hildako 14 biktimen gorpuak berreskuratu zituen kanposantutik Aranzadik".
Ibilbide luzea
Urduñako Udalak aspaldi ekin zion frankismoko sarraskiak salatzeari. 2012ko maiatzaren 31n onartu zuten memoria historikoaren adierazpena, eraikin eta espazio publikoetatik ikur frankistak erretiratzea ahalbidetzen zuena.
Hala, bertako memoria historikoaren berreskurapenerako konpromisoa hartu zuen tokiko erakundeak. Era horretan baliogabetu zituzten Francisco Frankori eta diktadura frankistari lotutako pertsona zein erakundeei udalak emandako dominak eta ohorezko tituluak.