Nolakoa izan zen Euskal Selekzioarekin entrenatzeko deia jaso zenuen unea?
Ez nuen batere espero. Ama deitu zuten eta ni bere ondoan nengoen une horretan, orduan ohartu nintzen. Oso pozik jaso nuen albistea.
Nik bezala, nire taldeko lagunek ere oso pozik jaso zuten berria, asko animatu naute.
Aukerarik ikusten duzu selekzioarekin partidarik jokatzeko?
Oraingoz, entrenamendu bat egiteko deitu naute. Urriaren 3an egin nuen saio hura Euskal Herriko beste hainbat neskekin batera.
Abenduan Espainiar Estatuko selekzioen arteko txapelketa jokatuko da. Bost entrenamendu saio deitu ditu Euskal Selekzioak, futbolari ugariekin, txapelketa horretarako taldea osatze aldera. Gogoko nuke Euskal Selekzioarekin jokatzea, aukerak baditudala uste dut.
Aurretik, egin al duzu inoiz entrenamendurik Euskal Selekzioarekin?
Ez, lehenengo aldia izan da hau. Bizkaiko Selekzioarekin, ordea, hainbatetan batu naiz. Bi txapelketa irabazi ditut elastiko horrekin, eta kontzentrazioetan parte hartu dut. Bertan ezagututako lagun askorekin topo egin dut orain Euskal Selekzioan.
“Pixkanaka, ahalegin guztien fruituak jasotzen nabilela ikusten dut, Euskal Selekzioaren azken dei hau adibidez”
CD Orduñari dagokionez, nola daramazue liga?
Bi partida jokatu ditugu soilik. Egia esan ez gara oso ondo hasi, ez ditugu oso sentsazio onak. Partida bat berdindu eta bestea galdu egin genuen. Baina, hala ere, gogotsu gaude; eta emaitza onak lortzeko gai ikusten dugu gure burua.
Nola hasi zinen futbolean jolasten?
Zazpi urte daramatzat CD Orduñan. Beti gogoko izan dut futbola, eta segituan animatu nintzen. Egia esan, asko igarri dut urte guztien garapena, asko hobetu dudala uste dut.
Hasieran ez neukan konfiantza askorik nire buruarengan; baina pixkanaka, esfortzu guztien fruituak jasotzen nabilela ikusten dut, Euskal Selekzioaren azken dei hau adibidez.
Zaila da emakume eta futbolaria izatea?
Orokorrean bai. Nire kasuan, pertsonalki, ez da zaila izan, baina izan ditut gorabeherak ere.
Nik 12 urte bete arte mutilekin batera jolastu izan dut eta egoera asko ez dira atseginak izan. Nirekin batera jolasten duen koadrilako lagun batek asko lagundu nau, asko lagundu diogu elkarri aurrera egiten.
Oraindik ere desoreka handia dago gizonezko eta emakumezkoen futbolaren artean. Oso lan gutxi egiten da desoreka horiek ezabatzeko.