Nondik dator mendi maratoi bat antolatzearen ideia?
Duela bi urte, trailaren gorakada ikusirik, Mendi-Bizikleta eta Trail talde bihurtu genuen Gualdetxu. Geroztik trailaren inguruan zer edo zer antolatu nahian ibili gara.
Ideiak biltzeari ekin eta ohartu egin ginen inguruan astebururo antolatzen zirela trail lasterketak baina ez zegoela mendi maratoirik. Aukera berri eta erakargarria izan zitekeela baloratu genuen.
Aiaraldean antolatzen den lehenengo mendi maratoia da. Euskal Herrian ez dira asko antolatzen; ez dakizkit zifra zehatzak, baina ez dira hamar baino gehiago izango.
Nolakoa izango da ibilbidea? Edozeinek hartu dezake parte?
Mendi maratoiaz gain beste zer edo zer eskaini behar genuela uste genuen. Azkenean hiru lasterketa antolatu ditugu: mendi maratoia bera, 42 kilometroko ibilbidearekin; 25 kilometroko beste lasterketa bat; eta, azkenik, 10 kilometroko mendi lasterketa, ibilbide motzak eta azkarrak gustuko dituztenentzat.
Oso zeharkaldi ikusgarria prestatu dugula pentsatzen dut, bai korrikalarientzat, baita ikusleentzat ere. Parte-hartzaileek hiru aldiz igo beharko dute Gorobel mendilerroa Fraileburu, Bedarbide eta Paso Maloko igoeretatik.
“Azaroaren 12an izango da norgehiagoka. Oso ibilbide ikusgarria prestatu dugula uste dut”
Zer nolako aurreikuspena egiten duzue?
Oso positiboa. Aspaldi zabaldu genuen inskripzio epea; eskualdean horrelako zerbait antolatzen zen lehenengo aldia izanik denboraz lantzea zen egokiena. Parte-hartzaile kopuru maximo bat jarri genuen antolatuko ditugun hiru lasterketetarako: 150 korrikalari lasterketa bakoitzeko. Egun, hilabete baino gutxiago falta denean 100 pertsona baino gehiagok eman dute izena maratoian lasterka egiteko. Oso pozik gaude, harrera oso ona ari da izaten.
Korrikalariez gain, ikusleen aldetik ere espektatibak onak dira?
Uste dugu baietz. Mendi maratoiak ez du, soilik, korrikalariengan sortu ilusioa. Lehen esan bezala, ibilbidea ikusgarria izango da, eta lasterketa jarraitzeko txoko asko egongo dira. Bereziki polita izango da Bedarbideko igoera.
Mapa bat prestatzen gaude ikusleen artean banatzeko. Bertan maratoia ondo ikusi ahal izateko puntuak markatuko ditugu, baita inguruko aparkalekuak ere.
Urduñako herritarren partetik laguntza jaso duzue maratoia antolatzeko.
Bai, zalantzarik gabe. Urduñako hainbat herri-eragilerekin jarri gara harremanetan lanetan laguntzeko: Anoa postuetan, bidegurutzeak markatzen... Prestasuna ikaragarria izan da. Gualdetxu MBTT-k antolatutako bizikleta-martxa edota mendi-duatloiean bezala, laguntzeko prest azaldu dira herritarrak
Udalak ere asko lagundu digu, beharrezkoak genituen baimenak lortzen batez ere. Gorobel mendilerroa eremu babestua da eta maratoiak Araba, Bizkaia eta Burgoseko lurretatik zeharkatzen du zonaldea.