Urduñako Musika Astea, kolore guztietako musiken topaleku

Txabi Alvarado Bañares 2017ko aza. 15a, 19:00

Urduñako hainbat musika taldek hartuko dute parte egitasmoan. / Aiaraldea.eus

Azaroaren 17tik 26ra luzatuko da Urduñako Musika Astea aurten. 17 taberna eta taldek hartuko dute parte Poteo Musikalaren VI. edizioan. Ez dira faltako aurreko urteetan eginiko ekintzak: herri bazkaria eta hiriko musika taldeen kontzertua, besteak beste. 

Urtero errepikatzen den zita da Urduñako Musika Astearena, baina inoiz ez da berdina izaten. Talde eta doinu ezberdinak entzun daitezke edizio bakoitzean.

Estilo aniztasuna da nagusi. “Rock&Rolla, bluesa, jazza, funkya... denetarik izango dugu aurten”, azaldu du Liborio kolektiboko Ramon Diazek, “musikarien kalitatea hobetzen saiatzen gara urtez urte”.

Poteo musikala
Astebete baino gehiago iraungo du musika asteak, bi asteburu hartuko baititu, azaroaren 13tik 19ra eta 24tik 26ra bitartekoak.

Poteo musikala da ekintzarik esanguratsuenetarikoa. 17 tabernek hartuko dute parte ekimen horren VI. edizioan.

Musika emanaldia egongo da taberna bakoitzean. Bigarren asteburuan, aldiz, bestelako jarduerez gozatzeko aukera egongo da. Larunbatean -azaroak 25- bazkaria eta “Jam Sessiona” egongo dira Gaztetxean. “Jende guztiari irekita dago, ez da musikaria izan behar parte hartzeko”, nabarmendu du Diazek. Iluntzean beste zita garrantzitsu bat egongo da Andra Mari Elizan: hiriko musikarien emanaldi bateratua.

Ondorengo talde eta norbanako arituko dira: Fita Fik musika eskola, Biguri eta Barcina, Abesti Popularren Taldea, Fernando Eguiluz, Urduñako Oilarrak, Getxa Goi txistu taldea, Abesbatza Elkartea eta Santa Zezilia Banda. Igandean, aldiz, kalejirak eta meza musikatua egongo dira.



Ibilbide luzeko egitasmoa
Liborio kolektibokoen iritziz, Musika astea “oso ibilbide luzeko” egitasmoa da. “Musika bandak antolatzen zuen hasiera batean, eta Liborio kolektiboko kideoi luzatu ziguten gero egitasmora batzeko gonbita”. Musika elkarteko lagunek hainbat ideia berri proposatu eta egikaritu zituzten, poteo musikala tartean. “Tabernei poteoaren ekimena proposatu genienean ezetz esango zigutela uste genuen, baina baiezko erantzuna jaso genuen”, oroitu du Diazek.

Eskualdeko taldeak
Presentzia nabarmena izango dute Aiaraldeko  taldeek musika astearen programazioan. “Urduña eta Amurrioko laupabost talde egongo dira”, iragarri du Diazek, “eskualdean aktibo dauden taldeei beti luzatzen diegu  parte hartzeko gonbitapena”.

Moonshine Wagon izango da joko duen taldeetako bat. Goiatz Dutto musikari laudioarraren proiektuak Foru Plazan eskainiko du emanaldia azaroaren 18an arratsaldeko zortzietan, Europan eta Estatu Batuetan ehunka kontzertu eskaini ostean.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide