Rafa Mendibil Sobron urduñarrak Lendoñoko trikuharriaren historia jaso du. Adierazi duenez, zelaian kokatutako monumentuaren berri eman zuten garai hartako egunkarietan. 1968. urtean jakin zuten eraikuntzaren berri. "Badirudi, garrantzitsua izan zela. Pena da 1974an ICONA makina batek suntsitu izana", adierazi du urduñarrak. Izan ere, inork ez zion beharginari "harri horien garrantzia" jakinarazi. 1982an berreraiki zuten dolmena, jatorrizkoa baino tamaina txikiagoarekin.
Mendibilen arabera, La Vanguardia egunkariak 1968ko martxoaren 10ean zabaldu zuen albistea: "Historiaurreko gizakien aztarnak aipatzen ziren dolmenaren aurkikuntzarekin batera". Dokumentazioan ageri denez, Okondoko gazte talde batek topatu zuen harria, 15 metroko diametroarekin. "Ikuspegi arkeologikoari dagokionez oso aberatsa da", azaldu du Mendibilek. Europa Press agentziaren arabera, gizakien arrastoekin egin zuten topo: kaskezur zatiekin eta hortzekin, besteak beste. Horrez gain, keramika mordoa aurkitu zuten.
Bost kaskezur
Sei hilabete beranduago kaleratu zuen erreportajea La Vanguardiak. Izan ere, Felix Murga Okondoko parrokoaren gidaritzapean aritu ziren hainbat espeleologo lanean. "Historiaurreko bost kaskezur antzeman zituzten ikerketan". Ezaugarri gehiago ere plazaratu zituzten, karratu formakoa zela, kasu. "Kareharrizko harri zabal handiak aprobetxatuta eraiki zuten".
Artikuluan esaten denez, Lendoñoko kaskezurren aurkikuntzak, duela 4.000 urte bertan bizi zirenen arraza ezaugarriak ikertzea ahalbidetuko zuen. "Suharrien aztarnak ere topatu zituztela aipatzen da, hiru silex orri, hiru lepoko eta keramikako zenbait elementu barne". Keramikaren zantzuengatik uste dute trikuharria Erdi Aroan erabilia izan zela, nahiz eta ezin izan duten piezarik berreskuratu.