Zabalpen handia izan du Niko Castrillok azaroaren 24an Facebook bidez zabaldutako mezu batek. Auto-stopa egiten zegoen gizon bat jaso zuenean bizitakoak kontatzen zituen bertan Facebook erabiltzaileak. Gizonezko hura urduñarra omen zen. Hiriko lantegi batean lan egiten aritu omen zen urte luzez, harik eta enpresak ateak itxi zituen arte.
Etxearen hipoteka ordaindu ezin eta kalean geratu omen zen, eta ez zuen inolako laguntzarik jasotzen. “Aterpeak etorkinez beteta daude, nik baino eskubide gehiago dituzte”, adierazi omen zion Niko Castrillori. Honek Durangoraino eraman zuen gizonezkoa eta, 20 euro eman zizkion bertan, Donostiko aterpera iristeko dirua izan zezan.
Istorioaren bigarren atala
Baina gizonezko horrek kontatutako istorioa gezurra da, antza. Hala adierazi zuen Niko Castrillok berak igande honetan bere Facebook profilean plazaratutako beste sarrera batean. “Jende askok ekin dio pertsona hori bilatzeari, laguntza eskaintzeko asmoarekin, eta ez dute bere arrastorik topatu”. Aiaraldea hedabideak jakin duenez, Gizarte zerbitzuek ere ez zuten pertsona horren berririk. Horregatik ondorioztatu du gizonezkoak kontatu zion istorioa gezurrezkoa dela. “Oso ondo prestatua du, jendearen laguntza ekonomikoa jasotzeko helburuarekin”.
Hala ere, istorioaren lehen zatiak sekulako zabalpena izan du: Facebookeko 14.000 erabiltzailek partekatu dute eta 4.000 komentariotik gora jaso ditu. Bigarren zatiak, aldiz, 46 partekatze baino ez ditu momentuz.