Zure bigarren eleberria argitaratu duzu duela gutxi eta Urduñan dago girotua, zergatik?
Eleberriaren inspirazioa da Jaun Zuria edo Padurako batailaren kondaira. Hau da, ustez IX. mende bukaeran jazotako gertaerak oroitzen ditu.
Eleberriak, oso leku ezberdinetara eramaten gaitu kontakizunaren bitartez; Eskozia, Malmasin mendia, Urdaibai, Gaztelugatxe eta, nola ez, Urduña eta Gorobel.
Berez, ur-jauzi ikaragarria dago han -tokikoek ondo jakingo duzuen moduan-, ehunka metrokoa eta bertan liburuaren istorioetako bat bukatzen da modu bortitzean.
Ikerketa lana egin duzu idazteko istorioa?
Lan asko egin dut. Bi urte behar izan nituen “Mentir es encender fuego” idazteko, eta heren bat eman nuen dokumentazioa biltzen, ezagutzeko Jaun Zuriaren bertsio ezberdinak, kondaira erabiltzeko eleberriaren mapa bezala.
Deigarria da iturri gutxi daudela Goi Erdi Aroan. Harritzekoa da dokumentu ugari izatea erromatarren garaiei buruz eta hain gutxi, eta oso fidagarriak ez direnak, hurrengo mendeei dagokienez. Horregatik deitzen diote “aro iluna”.
Hortaz, fantasia eta kondairarako giro aproposa da hori, baita idazlearen lanerako, baldin eta zorrotza bada bere sormena eta errealitatea nahastean.
Bestalde, gertatzen zait dokumentazio lanean sartuta, agertzen zaizkidala aurreikusita ez nituen ideia berriak, pertsonaiak edo intrigak. Eleberria idazteko daukadan jarrera da hori eta horrela jarraituko dut.
Zer kontatzen du eleberriak?
Esan bezala, eleberriaren oinarria da kondaira bat eta hori izango da haria pertsonaia eta korapiloentzat.
Garai horretan, penintsula zatituta zegoen mende eta erdiko musulmanen okupazioaren ostean eta iparraldea bitan zegoen banatuta; Asturias eta Nafarroako erresumetan, hain zuzen.
Bizkaiak ez zuen bere lekua topatzen astur erresuman eta zenbait tributu ez ordaintzearen ondorioz, bortizkeria hasi zen. Bataila batekin bukatu zen gatazka eta hemengoek gazte bat izan zuten buru.
Zerbait mistikoa sortzen da gaztearen inguruan eta han abiatzen dira gezurrak. Horiek dira argumentua batzen dutenak; bi neska eta mutil baten harremana, emakume baten lana sekretu bat gordetzeko, boterea lortzeko borroka, apaiz gazte baten zalantzak paganoen errolda egiten duena, hiltzaile baten existentzia...
Nik lau pertsonaia azpimarratu nahi ditut:
-"Basoa" zaldun iluna da, beldurgarria, hiltzen du, antza, arrazoirik gabe, indar arrotz batek bultzatuta. Horrek etsitzen du eta ikaratuta bizi da bere ekintzak direla medio, hala ere, ezin du ihes egin.
-"Siubhan" eskoto tribuko printzesa da, Eskozian du jatorria. Patua dela eta, Urdaibaira joko du eta balizko errege baten ama izango da. Borrokalaria da, baina beldur da.
-"Kata" da gazte bat etengabe matxinatuko dena maitasun debekatu baten ondorioz. Gogokoen dudan pertsonaia da.
-"Lope" markatuta dago jaio zenetik, indar jainkotarrekin alde batetik, eta senide nobleekin bestetik. Bere hezkuntzaren emaitza izango da eta bere patua heldu dela uste duenean, botereak exijitzen dion sakrifizioa egingo du. Egungo zenbait politikarien isla ikusten dut, bere burua ondo saltzen daki eta.
Historiari buruz hausnartzen ere saiatu zara, ezta?
Historia oso gogoko dut, bereziki gure herrikoa. Badirudi asmoa dudala ofizialki kontatu diguten historia zalantzan jartzeko. Zalantzan jarri behar da dena ikasteko.
“Mentir es encender el fuego” izenburua metafora da azpitituluaren inguruan (“Cuando la historia es escrita por el vencedor; la verdad se viste de leyenda”), nik zalantzetan eragin nahi dut.
Duela gutxi liburua Urduñan aurkeztu zenuen, zer moduz?
Oso ondo, eleberriaren agertzen den toki batean egiteko motibazioa nuen. Egin ditudan aurkezpen ugariren artean, derrigorrezkoak dira liburuan agertzen diren lekuak.
Ikusi dut hainbat irakurleentzat pizgarria dela ezagutzen dituzten tokiak agertzea. Urduñar batek ondo uler dezake pertsonaia batek sentitzen duen beldurra Nerbioiko ur-jauziaren ertzean jartzean, bere esperientzia oinarria izanda.
Irakurketak gauza izugarriak ditu. Egilearen trebeziari esker toki ezezagun bat ikus dezakezu, edo nabaritu berak zu bezala sumatzen duela toki ezagun bat, edo kontrakoa.