Kultur sorkuntza Aiaraldean

Ehun lagun baino gehiago auzolanean, zarzuela bat taularatzea helburu

Txabi Alvarado Bañares 2017ko abe. 14a, 10:52

Ehun lagun baino gehiago daude lanean Urduñan, La antología de la Zarzuela proiektua garatzen. Musika banda bat eta hiru abesbatza batu dira proiektura, beste hainbat norbanakorekin batera.
Zazpi zarzuelaren piezekin osatutako emankizuna taularatzea dute helburu. Urduñako Andra Mari ikastetxean estreinatuko dute lana abenduan, baina Amurrio Antzokian ere eskainiko dute, datorren udaberrian.

Musika-antzerki genero bat da zarzuela, Espainian sortua. Gazteleraz eginiko operak direla esan daiteke: areto handietan egiten dira normalean, goi-mailako aktore eta abeslari profesionalekin.
Urduñan, baina, auzolanean ekin diote mota horretako ikuskizuna prestatzeari. “Zerbait ezberdina egitea genuen helburu”, azaldu du Alfredo Ibañez Gómez de la Sernak. Proiektuaren eszena zuzendaria izatea egokitu zaio. Entseguetan murgilduta dago orain, obra taularatzeko batu diren beste hainbat lagunekin batera.
Ez da horrelako abentura batean sartzen diren lehenbiziko aldia. “Duela bospasei urte Katiuska zarzuela taularatu genuen”, azaldu du Ibañezek. “Oso harrera ona” izan zuen lan hark, bina emanaldi eskaini zituzten Urduñan eta Amurrion, eta aretoak betetzea lortu zuten bi egunetan. “Jendeari asko gustatzen zaio, ohikotasunetik irteten den ikuskizuna delako”.

8 zarzuela baten prezioan
Oraingoan, baina, erronka are handiagoa dute esku artean. Ez dira zarzuela bat moldatzera mugatuko. Zortzi obraren zatiak uztartuko dituzte emanaldian: El caserío, La algría de la huerta, Gigantes y Cabezudos, Luisa Fernanda, La Gran vía, Marina, La tabernera del puerto eta La leyenda del beso. “Zatirik ezagun eta komikoenak hartu ditugu. Oso ikuskizun anitza izango da, ikusteko arinagoa”. Aktore batzuk arduratuko dira pieza batetik besterako trantsizioak egiteaz, obren inguruko komentario eta elkarrizketak josiz.
Lau elkarte batu dira egitasmoa aurrera ateratzeko: musika banda bat -Santa Zezilia- eta hiru abesbatza -Urduñakoa, Orozkoko San Ageda eta Laudioko Andere-. Norbanako ugari ere murgildu dira proiektuan, 100 lagun baino gehiago. Horietatik 42 aktore lanetan arituko dira oholtza gainean.
Astean bitan batzen dira obra prestatzeko. “Egunetako batean orkestra gabe aritzen gara eta bestean musikariekin”, azaldu du Ibañezek, “orain arte zatika entseatu dugu eta segituan hasiko gara zazpi piezak batera entseatzen”. Eszena zuzendariak nabarmendu du “lan handia” egin dutela, “antzerkia eta musika uztartu” behar izan dituztelako.


Urduñan eta Amurrion
Lotuta dituzte dagoeneko emanaldiak. Urduñan eskainiko dute obra lehenbizikoz, abenduaren 16 eta 17an. Andra Mari Ikastetxeko aretoan taularatuko dute, 19:30ean lehen egunean eta 18:00etan bigarrenean.
Hiru euro balioko dute sarrerek, eta Alondegian eskuratu ahalko dira, eraikin horretako ohiko ordutegian. “Egunean bertan ere egongo da sarrerak eskuratzeko tokia”, zehaztu du Ibañezek, baina ohartarazi du agian ez dela tiketik geratuko. Duela sei urte izan zuten arrakasta eta inplikatua dagoen jende kopurua ikusita, oso posiblea da hori.
Amurrio Antzokian ere bi emanaldi eskainiko dituzte udaberrian, apirilaren 14 eta 15an, zehazteke dute oraindik ordutegia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide