Gaztetxe Egunetik Gazte Egunera

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko urt. 22a, 17:30

Foru Plazan Oka-erraldoian aritu ziren, herriko gazteen artean elkarlanean sortutako jokoa / Urduñako Gazte Asanblada

Larunbatean antolatu zuen Urduñako Gazte Asanbladak Gaztetxe Eguna. Udaberrian ospatuko duten Gazte Egunean dute jarrita orain begirada. Data iragarri dute: martxoak 24.

Gaztetxe Eguna antolatu zuten Urduñan larunbatean, herriko gazte koadrilak saretzeko helburuarekin. Horretarako egitarau parte hartzaile bat osatu zuten herriko hainbat gazte elkarlanean jarriz. Erantzuna oso positibotzat baloratu dute Gazte Asanbladako kideek.

Goizetik hasita lagun asko batu ziren hiriko kaleetan eta bazkarian 70 gazte baino gehiago elkartu ziren. Arratsaldean “Oka” jolas erraldoia antolatu zuten Foru Plazan. Iluntzean, eskualdeko rap kontzertuek eta Akerbeltz erromeriak leporaino bete zuten Gaztetxea.

Gaztetxea balioan jarriz
Gaztetxe Eguna baino hiru egun lehenago, urtarrilaren 17an, 11 urte bete ziren Urduñako lehen gaztetxea eraitsi zutenetik. Gaur egun Alondegia kokatzen den lekuan zegoen orduan gaztetxea. Desalojoaren ondorioz lokal autegestionatu baten bila abiarazi behar izan zuten bidean alea jarri duten gazte guztiei eskerrak emateko ere baliatu nahi izan zuten urtarrilaren 20ko eguna.

2012an zabaldu zituen ateak Urduñako Gaztetxe berriak eta ordutik hamaika ekintza antolatu dituzte bertan autogestioa ardatz.

20 urte autogestioan sakontzen
Lokal autogestionatu baten aldeko borroka gora-beheratsuan Urduñako Gazte Asanbladak 20 urte beteko ditu aurten. Asanbladako kideek ilusio handiz heldu diote hogeigarren urteurrenari eta “20 urtez argira izar gazteen distira” lelopean martxoaren 24an antolatuko duten Gazte Egunean ospatuko dute.

Abenduan hasi ziren urteurrenari begira antolatzen, “ez dugu urteurrena egun bakar batera mugatu nahi, urte osoko egitaraua atera nahi dugu aurrera”. Bide horretan hainbat asanblada eta bilera ireki deitu dituzte herriko gazte eta eragileekin. Abenduko bertso-saioa edota Gaztetxe Eguna egitarau horren isla dira.

Martxoaren 24ko Gazte Eguna berezia izatea nahi dute ordea. Indar handiak jarriko dituzte egun horretan eta Urduñako zein Aiaraldeko gazteria guztiari luzatu diote bertaratzeko gonbitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide