Ekuadorren jaio eta hazi zinen. Nola iritsi zinen Urduñara?
1997. urtean iritsi nintzen Espainiara, lan bila. Sabadellen egon nintzen hiru hilabetez lagun batzuekin bizitzen, eta Madrilera joan nintzen gero. Ondoren Asturiasera jo nuen eta urtebete igaro nuen han. Irurtzunera joan nintzen jarraian eta handik Urduñara. Garai hartan zaila zen nire herrialdeko jendearekin topatzea, eta Urduñan bazeuden batzuk. Horregatik etorri nintzen Aiaraldera.
Hasieran zaila izan zen moldatzea. Asko kostatzen zitzaigun pisua alokatuko zigun norbait topatzea, asko bilatu behar izan genuen. Baina gaur egun Urduñan bizitzen jarraitzen dut, nire hiru seme-alabekin.
"Landa-eremutik nator, nire gurasoak nekazariak ziren. Nire aita hirira joaten zen kale-saltzaile gisa lan egitera eta nik 12 urte nituenetik lagundu izan nion"
Ezberdintasun asko daude Ekuadorreko eta hemengo bizimoduaren artean?
Ni Ekuadorreko iparraldekoa naiz. Hotza izatera ohitua nago, beraz. Baina hemengo hotza ezberdina da, zaila izan zaigu moldatzea, baina ohituak gaude dagoeneko hemengo klimara.
Landa-eremutik nator, nire gurasoak nekazariak ziren. Nire aita hirira joaten zen kale-saltzaile gisa lan egitera eta nik 12 urte nituenetik lagundu izan nion. Horregatik banekien zer zen hiri handi batean egotea. Gaztelera jakiteak ere lagundu egin ninduen, noski. Euskara ikasteke dut oraindik, kar kar. Zaila egiten zait.
Kitxuera ere badakizu.
Bai, hori da gure hizkuntza, indigenak garen heinean. Jende askok perutarrak garela esaten digu, perutarrak izan zirelako hona emigratu zuten lehenbizikoak. Baina pertsona batzuk badakite gu Ekuadorrekoak garela, eta gu ondo ezagutzen gaituztenek otabaloar deitzen gaituzte, Otabalo hiriaren ingurutik gatozelako.
Zein da Ekuadorreko indigenen egoera?
Gure aiton-amonak nekazariak ziren, horretaz bizi ziren. Baina garaiak aldatu eta gauza asko modernizatu dira. Indigena asko ari dira gure ohiturak sustatzearen aldeko borrokan. Ekuadorreko jende asko dago munduan zehar sakabanatuta, eta garrantzitsua da batzen gaituena mantentzea.
"Txikia nintzenean gurasoei galdetzen nien ea zergatik hitz egin behar genuen espainieraz. 'Etorkizunerako hizkuntza' zela erantzuten zidaten"
Kitxueraz hitz egiten duzue etxean?
Txikia nintzenean gurasoei galdetzen nien ea zergatik hitz egin behar genuen espainieraz. “Etorkizunerako hizkuntza” zela erantzuten zidaten. Bi hizkuntzetan komunikatzen ginen. Gaur egun ez dut kitxua asko erabiltzen, baina ulertzen dut, hitz batzuk zailak suertatzen zaizkidan arren. Etxean nire emaztea da hizkuntza erabili eta haurrei irakasten diena. Euskara, gaztelera eta kitxua apur bat dakite gure seme alabek.
Ekuadorreko senide eta lagunekin kontaktua mantentzen jarraitzen duzue?
Bai, aukera izan dugunean bertara joan gara nire gurasoak bisitatzera.
Kale-saltzaile gisa egiten duzu lan, zure aitaren lekukoa hartuz.
Hala da, herentzia baten modukoa da. Ekuadorren nengoenean ere kale-saltzaile moduan egiten nuen lan. Gure arbasoek artisautzan aritzeko ohitura zuten. Ni ez naiz artisaua, baina nire jaioterrian tradizio hori mantentzen da.