Noiz aterako zarete Urduñako kintoak kantuan?
Urduñako Kintook otsailaren 3an, hau da, larunbat honetan, alboko herrietatik eta Urduñan bertan abestuko dugu. Egun horretako helburua dirua lortzeaz aparte, herriari alaitasuna eskaintzea da. Pentsatuta daukagu goizean, 8:00etan zehazki, Foru Plazatik hasita, inguruko herrietatik abestea.
Nola egingo diozue aurre larunbateko kantaldiari?
Kintoak hiru taldetan banatu gara, bata Arrastariara joateko, bestea Larruazabalera eta azkena Saratxora. Gero, eguerdian, 14:30ak aldera, Urduñan elkartuko gara guztiok batera abesteko, eta bazkaria Urduñako Gaztetxean egingo dugu.
Azkenik, arratsaldean, herrigunetik abestuko dugu. Espero dugu herri guztiak laguntzea egun honetan.
Zenbat gazte elkartuko zarete?
Urduñan aurten 35 gazte elkartu gara kintoen tradizioa ospatzeko eta herrietatik abesten zoriontasuna eskaintzeko.
Zer suposatzen du zuretzat kinto izateak?
Niretzat kinto izatea ez da soilik jaiaz gozatzea, bizitzan pausu handi bat ematen ari naizela sentitzen dut, heldutasunera heltzea dakar. Gainera, nire aititek, nire aitak eta nire ahizpak aurretik parte hartu izan dutenez, niretzat kinto izatea ohorea da.
Beste garairen batean esanahi ezberdina bazuen ere, gaur egun aldatu egin da eta aurrerapausoak eman dira, neskok kintoetan ere parte hartzen dugu eta hori oso inportantea iruditzen zait.
Adindunek tradizioa horren gogo handiz mantentzen dela ikustean, poza handia sentitzen dute, eta hori ere oso garrantzitsua da niretzat. Nire ustez, kintoen ohitura ez da soilik urteko kintoentzako berezia, herriko belaunaldi guztientzako baizik.
Bildutako diruarekin kintoen jaia antolatuko duzue, noiz?
Jaia martxoaren 3an ospatuko dugu. Goizean mezara hurbilduko gara eta ordoren umeentzako hainbat ekintza prestatuko ditugu. Arratsaldean, 19:00etan, Kun Kun batukadak herriko kaleak girotuko ditu eta azkenik 22:00etan Stepi Selektah kontzertuei hasiera emango die. Ze Esatek! taldearekin jarraituko dugu jaia gehiago animatzeko eta, azkenik, DJ Markelin kontratatu dugu jaiari bukaera emateko modu parrandazalean. Espero dugu herri guztiak parte hartzea eta, gurekin batera, jaiaz gozatzea.