Goya sarien galan egon zinen larunbatean. Zer moduz?
Oso ondo, negarrez egon nintzen lehen minututik, oso hunkigarria izan zen. 13 izendapen genituen, eta horietako hamarretan izan gara sarituak. Imajinatu dezakezu, beraz, zer nolako zirrara sortu zigun horrek, etengabe altxatu behar ginen sariak jasotzera.
Aurretik egona zinen Goya sarien banaketan?
Bai, duela bi urte Loreak filmarekin, pelikula onenaren kategorian izendatua baitzegoen. Hortaz gain, nire enpresak -Irusoin- Goya bat irabazi zuen duela 17 urte, Karramarro Uhartea filmagatik.
Etalonatzailea zara. Zertan datza lan hori?
Ez dut etalonatzaile gisa soilik jarduten. Irusoin enpresan lan egiten dut, Bilbon. Zine-zerbitzuak eskaintzen ditugu, grabaketaren osteko lanak gauzatzeko. Irudia lantzen dugu batez ere. Grabatutako material guztia gorde eta ordenatzen dugu. Kopia batzuk egiten dira muntatzaileei pasatzeko. Hauek euren kabuz lan egiten duten pertsonak dira. Handia filmaren kasuan Laurent Dufreche eta Raul Lópezek bete dute funtzio hori, eta muntai onenaren Goya saria jaso dute.
Filmaren zuzendariekin aritzen dira pelikula muntatzen, eta guri pasatzen digute gero. Hor hasten da nire lana. Madrilgo User T38 enpresarekin elkarlanean aritu gara, bertan egin baitituzte pelikulan azaltzen diren efektu berezi konplexuenak. Pelikula XIX. mendean girotua dago eta, horregatik, planoetan agertzen ziren anakronismoak ezabatu behar izan dituzte; elektrizitate kableak, kasu. Nik egin ditut pelikularen efektu bereziekin erlazionatutako gauza txiki batzuk, baina gehienak Madrilgo enpresa horrek gauzatu ditu.
“Muntaia amaitzean hasten da etalonatze prozesua, amaieran. Irudiari azken ukituak ematean datza. Koloreak moldatzen ditugu, planoz plano”
Hori guztia egin ostean hasten da etalonatze prozesua, amaieran. Irudiari azken ukituak ematean datza. Koloreak moldatzen ditugu, planoz plano. Javier Agirrerekin batera egiten dugu lan postprodukzio aretoan. Berari eman diote argazki zuzendari onenaren Goya saria.
Zurea zer da, lan teknikoa edo sormenezkoa?
Etalonajerako baliatzen den makina maneiatzen jakin behar duzu, hori da funtsezkoena. Zuri eta beltz egokiak hautatu behar dituzu lehenbizi, tonua emateko gero. Hori egin ostean kolore-geruzak gehitu ditzakezu, 48 gehien jota. Argi gehien duten zonaldeei laranja kolorea eman ahal diezu, adibidez.
Zer duen sormenetik? Dena. Askatasun handia dago. Eszenari intentsitatea kendu nahi badiogu kolore hotzetara jotzen dugu, argi-kontrasteak sortu ditzakegu... zure irizpideak eta argazki zuzendariarenak aintzat hartuta lan egiten duzu. Filmaren zuzendariak ere bertaratzen dira batzuetan, lanaren jarraipena egiteko. Filma guztiz amaitzea da gure helburua. Kredituak, grafismoak eta audioa gehitzen dizkiogu eta kopia bat egiten dugu, pantaila handia proiektatzeko. Lehen 35 milimetroko formatuan egiten genuen kopia hori, baina gaur egun ez, zine-areto gehienek digitalean proiektatzen dutelako.
Golem zinemetara joaten gara, areto bat alokatzen dugu eta filma proiektatzen dugu, hainbat aldiz. Zuzenketak egiten ditugu gero, ez delako berdina irudia telebista-pantaila batean edo gainazal zuri batean islatua ikustea. Hori da nire lana.
Erronka handia izan da Handia filma entalonatzea?
Ez da ohikoan baino zailagoa izan, bai ordea apur bat ezberdina. Loreak filmean, adibidez, erreferentzia asko genituen. Orain, aldiz, sentsazioez gidatuta aritu gara, erreferentzia asko baliatu ditugun arren. Grabaketan eta efektu berezietan egon da erronka handiena, erraldoia irudikatzeko orduan, batez ere. Mota askotako trukuak erabili dira horretarako: protesiak, animazioak, takoiak...
Urte asko daramazu ikus-entzunezkoetan lan egiten. Nola bilakatu zinen entalonatzaile?
1983. urtean sartu nintzen K2000 produktoran. Soinuaren alorrean hasi nintzen, baina berehala igaro nintzen irudia lantzera, postprodukzioan lan egitea baitzen nire asmoa, eta horretan dihardut gaur egun.
Hiru urte egon nintzen ETBn errealizadore gisa lan egiten. Promoziozko bideoak egiten nituen batez ere. Horren ostean pasa nintzen Irusoinen lan egitera. Filmak ekoizten hasi ginen, animaziozkoak hasieran eta hezur haragizkoak gero.
“Ia 600 lan-ordu eman ditut Handia filma entalonatzen”
Duela hamar urte hasi ziren zineman proiektatzeko haina kalitate zuten kamara digitalak fabrikatzen. Orduan egin zuen Irusoinek postprodukzio osoa bere gain hartzearen apustu estrategikoa, pelikulak amaitzeko Madrileko laborategiren batekin kontatu ordez. Entalonatzeko makina bat eskuratu genuen eta ni sartu nintzen hori maneiatzera. Madrilen ikastaroak egin, bideoak ikusi eta liburu ugari irakurri behar izan nituen, eta lanari ekin nion. Bost filmetan aritu naiz.
Zeintzuetan?
Loreak, Orbita 9, Urte berri on amona, Un otoño sin Berlin, Acatilado eta Handia. Urte berri on Amona izan zen egin nuen lehena, baina garai hartan 35 milimetrotan proiektatzen zen oraindik eta Madrilera joan behar izan ginen filma ondo zegoela ziurtatzera. Iaz Handia filmarekin egon nintzen buru-belarri, ia 600 ordu eman nituen lan horretan.
“Guk egiten duguna gutxiengo bati zuzendutako zinema da: polita eta beste modu batean ikustekoa”
Zer dakar Goya bat irabazteak?
Izen ona lortzen duzu eta, modu horretan, baliteke lan gehiago izatea, filma bat egiteko enkargua eskuratzea oso zaila den arren. 2-3 pelikula egiten ditugu urtean, ez dizkigute gehiago ematen eta ez dugu gaitasunik ezta gehiago egiteko. Madrilen eguneko 24 ordutan egiten dute lan. Hemen erritmoa ez da berdina, eta kalitatea ere berdina ez izaten ahalegintzen gara.
Pelikulari dagokionez, Goya sariak irabazteak zinema-aretoetara itzultzea ekarri du, eta jende asko gerturatzen ari da ikustera. 900.000 euro eskuratu ditu orain arte, euskarazko filma ikusiena izan da. Hori garrantzitsua da, horri esker bizi delako filma, diru-laguntza ugari dauden arren.
“Bi proiektu berri ditugu esku-artean, euskarazkoa bata eta gaztelerazkoa bestea”
Euskarazko zinemaren loraldi bat ematen ari dela uste duzu?
Ezingo dugu inoiz filma amerikarren aurka lehiatu. Zinema komertzial espainiarraren atzetik gaude oraindik. Guk egiten duguna gutxiengo bati zuzendutako zinema da: polita eta beste modu batean ikustekoa.
Ikuspegi tekniko batetik, Euskadin egiten den zinema Estatu Espainiarreko beste edozein txokotan egiten denarekin alderatu daiteke; frogatua dago jada kalitate handia duela. Euskarazko zinemari dagokionez, geroz eta zaletu gehiago daude eta geroz eta filma ezberdinagoak egiten dira. Bi proiektu berri ditugu esku artean, euskarazkoa bata eta gaztelerazkoa bestea.
Gutxi gara zinemagintzan ari garenak, eta elkar ezagutzen dugu. Baina gehiagora doa. Eusko Jaurlaritzaren partetik ere laguntza ekonomiko handia jasotzen dugu. Arazo bakarra ikusten dugu: ETBn jada ez dela fikziozko telesailik egiten. Goenkale amaitu zenetik oso proiektu gutxi jarri dira abian, eta horrek kalte handia eragiten die aktoreei, ezin dutelako soilik zinema egiteaz bizi. Telebistak lan egonkorragoa ematen die, soldatak txikiagoak diren arren. Lan egonkorrik ez badute aktoreak aktore izateari utziko diote beste lan bat bilatzeko, eta aktorerik gabe ezin da pelikularik egin. Irusoinen bikoizketak egiten dira baita ere, baina bikoiztailerik gabe geratzen ari gara, ez dagoelako ia lanik.
Atzo -asteartea- Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin zigun, eta Handia filmeko aktoreek hori helarazi zioten.