Mugikorrerako Hirix aplikazioa erabiltzen hasi da Urduñako Udala, auzokideekin harreman estuago bat mantentzea helburu. Hiritarren eta tokiko erakundearen arteko hartu-emana ahalbidetzen du tresnak. Hala, bizilagunek eskura izango dute udalaren informazio guztia: agenda deialdiak, azken orduko oharrak, albisteak, hiritarren arretarako zerbitzua...
Horrez gain, kexa edo intzidentzien berri emateko aukera ematen du Hirixek, modu erraz eta dinamiko batean. Aplikazioa doakoa da eta Appleren dendatik edota Google Play-tik jaitsi daiteke. Udalak jakinarazi du bere langileak tresna horren erabileran trebatu dituela. Kultur eta kirol elkarteek eta merkatariek ere erabili ahalko dute baliabide berri hori, euren informazio propioa plazaratu edota hiritarren eskaerak jasotzeko.