Lapiko Domeka ospatu zen atzo Urduñan, Getxa Goi Txistulari Taldeak kontzertuarekin. Aspaldiko jaia da Lapiko Domeka. “Neskame eta morroiek ospatzen zuten. Aratusteetan lan egin behar zutenez, hurrengo igandean egiten zuten festa”, azaldu du Koldo Ulibarri Oruetak. Txistulari taldeko kideak adierazi du ospakizuna galdu egin zela, harik eta txistu-kontzertuaren bidez berreskuratu zuten arte. “Kontzertu bat egin nahi genuen baina Aratusteetan ekintza asko egiten direnez hurrengo asteburura pasatzea erabaki genuen”.
Harrera ona
Ulibarriren arabera, geroz eta harrera hobeagoa du ekimenak, baina nabarmendu du txistulari taldeko kideak ez direla musikari profesionalak. “Herri abestiak berreskuratzen saiatzen gara, jendeak entzun eta ikasi ditzan”. Txistu-talde bat gonbidatzen dute kontzertura: “Iaz Laudioko Ekin-Joleak taldea bertaratu zen eta aurten Basauriko Tanborin-txistulari elkartea gonbidatu dugu”.