Irakurketa Kluba eratu berri duzu. Nolatan?
Istorio luzea da. Nik lapaginanumerotrece.es bloga dut, zale gisa. Nire bikoteak eta biok, “bidaiazaleen erronka” egitea pentsatu genuen: probintzia bakoitzeko nobela bat irakurri eta ondoren bertara joatea, bideoa grabatu eta youtubera igotzeko.
“Literatura turismo” gisa defini liteke zure erronka, beraz.
Bai! Momentuz bi lan bukatu ditugu: Oviedokoa eta Pasaiakoa. Oviedon lau-bost aldiz egona nintzen, baina Pasaian ez. Oso polita izan zen Gipuzkoakoa. Bideoetan liburuak komentatzen ditugu, baina istorioen erroetara joan gabe.
Liburuak bertaratzeko aukeraren arabera aukeratzen dituzu?
Toki batzuk errazak dira: Euskal Herria, Madril... Baina badira zailak ere, Albacete edo Ceuta kasu. Jendeari Twitter edo Facebook bidez galdetzea bururatu zitzaigun, bisitatu nahi ditugun lekuetako liburuak irakurri eta bertara joateko. Horrela ibiltzen gara.
Bizkaiaren txanda heldu zenean, Urduñan girotutako eleberriak zerrendatu nituen, banekielako bazirela batzuk. Googlen begiratu nuen, baina ez zen hirian girotutako izenbururik agertu. Orduan, No eres de Orduña si... Facebook taldera jo nuen, eta jendeak oso ondo erantzun zuen: 6-7 liburu gomendatu zizkidaten. Eleberri horiek ardatz hartuta post bat argitaratu nuen nire blogean. Hori ikustean deitu ninduten Zikoina aldizkaritik elkarrizketa egiteko, Gabonetako oparien aitzakian. Bertatik atera zen Irakurketa Kluba sortzeko ideia. Liburuzainarekin hizketan, aukera ikusi genuen.
Urduñan girotutako liburu asko al daude?
Bai. Lehen liburua Francisco Panerak idatzitako Mentir es encender fuego izango da. Ondorengoak denon artean erabakiko ditugu. Nik ez dut parte hartuko duen jendea ezagutzen, eta beraz, ez dakizkit euren zaletasunak. Lehen pausu gisa, horrekin hasi gara. Saioa otsailaren 22an izango da, 18:00etan Alondegian. Liburua irakurrita etorri beharko dira partaideak. Alea eskuratu nahi duenak liburutegira jo dezakete.
"Eleberri askok aipatzen dute Urduña, horregatik arakatu nuen sarean. Toti Martinez de Lezearen pertsonaia batzuk Urduñatik pasa ziren XVI.mendean"
Harritu egin al zaitu Aiaraldea hainbeste istorioren parte izateak?
Ez, banekien. Eleberri askok aipatzen dute Urduña, horregatik arakatu nuen sarean. Toti Martinez de Lezearen pertsonaia batzuk Urduñatik pasa ziren XVI.mendean.
Egia da sorpresaren bat edo beste eraman dudala: El huesped del balneario de Orduña liburua ezustekoa izan zen. Oraindik irakurtzeke dut, baina nobela beltza da. El ayalés sagaren bigarren liburua ere Urduñan kokatua dago, bere osotasunean, gainera. Hiria oso toki inportantea izan zen mende haietan, beraz, horrek ere isla du hainbat literatura lanetan.
Zerekin egingo du topo klubera batzen denak?
Urduñan lehenbiziko aldia denez, uste dut datorren jendea harritu egingo dela ohartzean irakurtzea ez dela ekintza indibiduala. Batzuei nagikeria sortzen die liburuak irakurtzeak, norberak bakarrik egiten duelako. Ez da horrela, niretzat gauza bera da liburua irakurtzea edota seriea ikustea: istorio bat da, beste pertsona batekin komenta litekeena. Hori da, hain zuzen, asmoa: irakurketa etxetik ateratzea. Proiektu berria da, beste herrialde batzuetan egiten aspaldi hasi baziren ere. Hemen, oraintsu heldu zaio mota horretako taldeak eratzeari.
Nori zuzendutako jarduera da?
Jende guztiari. Gehienez, 15 lagun elkartzeko muga jarri dugu. Metodologiari dagokionez, bakoitzak bere etxean irakurri behar du alea. Hala, ondoren, komentatu egingo dugu. Ariketa polita da: denok irakurri dugu liburu bera, baina bakoitzak istorioa ezberdin bizi du. Hori ez da film edota telesailekin gertatzen, ikusi egiten duzulako. Irakurtzean zatirik handiena irudimena da: ez da inoiz liburu berdina irakurtzen, nahiz eta istorioa bera izan.
Zer nolako harrera izan du ekimenak?
Orain arte 13 lagunek eman dute izena; beraz, ordu eta erdiko iraupena izango du saioak, gutxi gorabehera. Maiztasunari dagokionez, bost astean behin elkartuko gara. Martxoko tailerra, baina, Aste Santuan izango litzateke; horregatik astebete aurreratu dugu. Alondegia erabiliko dugu topagune moduan, liburutegira jendea ikastera ere joaten baita. Momentuz, gizon bakarra animatu da; hori izango dut erronka: mota honetako ekimenetara mutil gehiago batzea. Adinari dagokionez, ni naiz gazteena, hurrengoak 44 ditu, eta nagusienak 65. Oso pozik gaude, partaideen muga 15 lagunekoa baita.
Saioak irekiak izango dira? Liburua irakurri gabe, entzutera joan al liteke?
Bai, noski. Ziur nago liburua irakurtzeko astirik izan gabe bertaratuko dela jendea. Urduñarrek, euren herriko istorioak jakin nahi badituzte posible dute agertzea. Hori bai: liburuari barrenak aterako dizkiogu, hori da arazo bakarra.
"Orain arte 13 lagunek eman dute izena; beraz, ordu eta erdiko iraupena izango du saioak, gutxi gorabehera. Maiztasunari dagokionez, bost astean behin elkartuko gara"
Mentir es encender fuego eleberria landuko duzue lehen saioan. Urduñako zein espaziotan dago kokatuta?
Mendian. Istorioa Bizkaia eta Asturiasen arteko gerra batean oinarritua dago. Batailak Bizkaian kokatzen dira, batez ere, Gorobel mendian. Nerbioi jaiotza agertzen da, besteak beste. Nerbioi jaiotza agertzen da, besteak beste.
Irakurketa klub gehiagotan parte hartu al duzu?
Bai. Interesgarria eta barregarria izaten da, oso ondo pasatzen dugu.
Nondik datorkizu irakurzaletasuna?
Etxetik. Ama beti ikusten nuen irakurtzen. Txikitan ez zitzaidan gustatzen, behartu egiten nindutelako. Amak, baina, inbidia ematen zidan, gozatzen ikusten nuelako.
Literatura ondarea edo historia berreskuratzeko garrantzitsutzat duzu?
Bai, jakina! Batez ere, jende gaztearentzat. 16 urteko gazte batek ez du ziurrenik historia libururik hartuko, baina eleberria bai. Eta, akaso, bere buruari galdezka hasiko zaio: zer izango ote da egia? Eta zer ez? Askotan harrigarria da zuk gezurtzat duzuna egia dela jakitea. Nire iritziz, ona da eleberri historikoak irakurtzea gero historia jakin nahi izateko. Niri, behintzat, askotan gertatu zait, eta gazteago nintzela ere bai.
Bidaia tokiak aukeratzeko erabiltzen dituzu liburuak. Ba al duzu helmugarik buruan?
Bai, orain Kantabriakoekin nabil. Puerto escondido irakurtzeko asmoa dut, baina oraindik ez naiz hasi; beraz, ez dakit zehazki non dagoen kokatuta. Nire bikoteak bukatu du jada, biok batera aukeratu eta irakurtzen baititugu liburuak. Asmoa hurrengo hilabetean bertara joatea da, bideoa grabatzera.