Aurten bi harmakada betetzen ditu Urduñako Gazte Asanbladak. Hori ospatzeko Gazte Eguna egingo dute martxoaren 24an, “Hogei urtez begira izar honen distira!” lemapean.
Egun osoko egitaraua prestatu dute. Foru plaza izango da jaiaren epizentroa. Goizean bertan egingo dira umeentzako jolasak, graffiti lehiaketa edota bazkaria. Mugalde eta Lupardika tabernetan eskuratu daitezke bazkarirako tiketak, 10 euroren truke -kamiseta emango dute opari-.
Osterabe talde akustikoak girotuko du bazkalostea, eta jarraian ekingo zaio arratsaldeko txanpari: Basati kirolak, txokolatada eta buruhandiak egongo dira. 19:30ean parrilladak hartuko du lekukoa, eta handik ordubetera abiatuko da kalejira, ekitaldiarekin amaituko dena.
Gauean metal doinuek hartuko dute foru plaza, Disaster Now eta Governors taldeen eskutik. Akerbeltz erromeriak joko du gero, jaia goizeko ordu txikiak arte luzatu nahi dutenentzat.