Abeltzainak: Gorobel mendilerroari lotutako bizitza oso bat

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko mar. 23a, 12:00

Julian Loyo, 1920an jaioa bizitza osoa igaro zuen Gorobelen bere artaldea zaintzen

Asteazkenean estreinatu zuten Amurrio Antzokian “Los ultimos pastores de la Sierra Salvada” dokumentala, honek, antzinatik datorren Aiaraldeko abeltzantza praktikaren lekukotza jasotzen du. Aspaldiko jarduera horren testigantzak ugariak dira Aiaraldean, bereziki Gorobel ingurutan, Larruazabal aldean, kasu. Horren adibide da 2006an zendutako Julian Loyo, bere bizitza Gorobel mendilerroko abeltzantzari lotu zuen artzain lendoñoarrak.

Aiaraldeko abeltzantza oso lotua egon da Gorobel mendilerroarekin. Bertako baliabide naturalek abeltzantza praktikak garatzeko aukera paregabeak eskaini dituzte, gaur egunera arte mantendu diren ia historiaurreko praktikak.

Gorobelen badira Brontze Aroko artzainen aztarnak, honen antzinako ondarearen lekuko. Azken urteetako garapena, ordea, oso handia izan da, eta abeltzantzak aldaketa handiak jasan ditu, mendeetako praktikak zeharo aldatuta eta Gorobeleko artzaintza beraren jasangarritasuna kolokan jarrita. Esaterako, 4x4 ibilgailuekin goi-lurretako belardietara igotzeko aukerak artzainek Gorobelen ematen zituzten egonaldi luzeak ordezkatu ditu.

Duela oso gutxira arte, ordea, usadio zaharrei jarraiki dozenaka artzainek lotzen zuten euren bizitza Gorobel mendilerrora eta bertan zituzten artaldeetara. Horren adibide da Julian Loyo, Lendoñobeitiko auzokidea, 2006. urtean zendua. 2002. urtean egindako elkarrizketa batean bere bizipenak jaso zituen Jose Mari Gutierrezek.

Artzaina bizitza osoan

Julian Loyok, Aiaraldeko artzain askok eta askok bezala, bizi osoa eman zuen abeltzaintza ustiaketan, "9 urterekin hasi nintzen mendira artaldearekin igotzen".

Gorobelgo goi-lurretara trashumantzian oinarritzen zen nagusiki praktika hori. Artzainek apirila aldean igotzen zituzten artaldeak Gorobeleko larreetara. Artaldea ez zen bere osotasunean igotzen, lehenengo hilabetean arkumerik izan ez zituzten ardiak igotzen zituzten, maiatzean aziendako gainontzeko buruak.

Loyo bezalako artzainek, hilabeteak pasatzen zituzten mendian, etxera zortzi egunean behin jaitsiz orniketa egiteko. Abenduko elurteak heldu bitarte geratzen ziren mendiko etxoletan ganaduarekin batera, "lehenengo elurteekin jaisten ginen berriz herrira, baina abendua bitarte eguraldiak aukera emanez gero berriz igotzen ginen".

Ardiak ziren aziendetako animalia nagusiak. Azken urteetan, aldiz, behi-aziendek gora egin dute nabarmen, hauen zaintza askoz errezagoa baita, ez dizkio horrenbesteko ardurarik exijitzen abeltzainari.

Gorobelen 8000 ardi baino gehiago daudela kalkulatzen da, abelgorriak 3000 inguru, azken urteetan gora egindako zifrak. Julian Loyok 80 zituen bere artaldean.

Abeltzainek ardiak jaisten zituzten menditik eta esnea soinean eramaten zuten herrira, bertan gazta egiteko. “30 litro eramaten garraiatzen genituen Lendoñora, ez dugu inoiz gaztarik goian egin” zioen Julian Loyok.

Txaulak

Horrela deitzen dira artzainek Gorobelen eraikitako etxolak. Aiaraldekoak diren Gorobelgo goi-lurretan badira “txaula” nukleo nagusiak, hala nola Ponata eta Kobata, baina edozein txokotan aurki daitezke oinarrizko aterpe horiek.

Julian Loyok Bedarbide mendiaren azpian zeukan bere etxola, berak beste kide batzuekin eraikia: “Fraileburu ingurutik ekarri genituen habeak manoden gainean kargaturik”. Julian Loyok eraikitako lehenengo etxola hura Guda Zibileko erreketeen aterpe batetik oso gertu zegoen, eta honen hondakinak erabiltzen zituzten, hain zuzen, gauetan artaldea gordetzeko.

Egitura oso sinpleak dira "txaulak", mendian bertan aurkitutako materialekin eginak. Abeltzainek hilabete luzeak pasatzen zituzten bertan, oso baldintza kaskarretan. 

Artzainek txabolak konpartitzen zituzten, normalean bi pertsona egoten ziren elkarrekin. Herri bakoitzak bere txabola propioak zituen eta herriko artzainen artean banatzen zituzten, "liskarrak izaten ziren batzutan, txaula aukeratu edo zurekin egongo den laguna aukeratu. Zorionez beti izan dut oso harreman ona nire ingurukoekin".

Losakoekin lehia bizia

Muga ere bada Gorobel mendilerroa, horrek gatazka ugari eragin ditu inguruan Burgoseko eta Aiaraldeko artzainen artean.

Loyok berak bere etxola amildegi ertzean eraikitzera behartua ikusi zuen bere burua Losako lurretan eraiki ezin zuelako. Lurralde gatazkak 50eko hamarkadan izan zuen puntu gorenak, artzainen arteko borrokak medio Euskal lurraldetako abeltzainek ezingo zituzten babesak Burgosen jarri. Loyok, ordea, harreman ona mantendu zuen mugaz gaindiko artzainekin “mundu guztiak zioen madarikatu batzuk zirela Losakoak, baina ni beti tratatu naute ondo”.

Losako bizilagunekin izandako liskarraz gain, muga administratiboek eragin handia izan dute artzainen eguneroko langintzan. Larruazabalgo artzainek Gorobelgo goi-lurretako zonalde gutxi batzuetan izan zitzaketen ardiak, Tologorri mendi ondoko Ponata kasu. "Erabaki horiek Valladoliden hartzen ziren" azaltzen zuen Julian Loyok, "ez dut inoiz ulertu zergatik hartzen ziren hain urrun eta ez hemen bertan."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide