Etxe-abereak biltzegatik herritarren zerga eguneratu du Udalak. Izan ere, abenduan zenbait txakur abandonatu zituzten Urduñan. Indar-Araba elkarteak jaso zituen animalia horiek, adopzioak kudeatzeko. Musutruk egin zuen orduan; baina beharrari erantzuteko hitzarmena sinatzea erabaki zuten apirileko udalbatzan. Funtsean, txakurrak edo katuak biltzeagatik ordaindu beharreko zenbatekoa da zehaztu dutena. Hala, 7 euro ordaindu beharko ditu eguneko Udalak etxe-abereak bildu eta zaintzeagatik, zentrora mugitzen ez ditzuten kasuetan. Txarkurtegietara garraiatzeak 57€ balioko ditu, eta batzeak eta zaintzeak 64€.
Abereak txipa duenean 19€ kobratuko ditu eguneko elkarteak, animalia jabeari itzuli arte; eta parasitoen kontrako tratamendua 32 euroren truke eskainiko dute. Aldiz, txakurrak txipik ez baina jabea baldin badu 8 euro ordaindu beharko ditu erantzuleak eguneko animalia eskuratu arte. Kasu horietan albaitariaren azterketak eta parasitoen kontrako tratamenduak 64 euroko kostua izango du, eta txertoa jartzeak 57 eurokoa.
Osoko bilkura
Atzo izan zen apirileko osoko bilkura. Batetik, 2017ko aurrekontuen likidazioa onartu zuten. Alkatetzari lotutako berri emateak ere izan zituzten hizpide, udal gobernuburua Urduñan ez dagoenean ordezkatua izan dadin. Bestalde, 2017/3 kredituen espedientearen aldaketa onartu zuten, kreditu-transferentzia gisa tramitatuta.
Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiarekin bi akordio sinatuko dira, udalbatzan onartu ondotik. Lehenengoa hondakinen tratamendu zerbitzuaren prestazio akordioa izango da. Bigarrena, berriz, datuak modu elektronikoan trukatzeko sistemarena da.
Pentsioei buruzko mozioak
Eskualdeko udalerri gehienetan bezala, pentsioei buruzko mozioek itxi zuten saioa. EH Bilduk eta EAJk proposamen bana aurkeztu zuten.