"Herentzian jaso dugu txirrindularitza zaletasuna"

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko mai. 9a, 08:00

Bere amonarekin hasi zen bizikletan ibiltzen Asier Castilla. / Aiaraldea.eus

ASIER CASTILLA PIKAZA (Urduña, 2002) kadete mailako Arabako txirrindularitza txapeldun izendatu berri dute. Familiatik datorkio bizikletarekiko afizioa, bere amona MARI CARMEN DIAZ de LEZANAk (Urduña, 1943) urte asko daramatza pedalei eragiten.

Nondik datorkizue txirrindularitzarekiko zaletasuna?

Mari Carmen: Nire aitak bizikleta tailerra zeukan eta nik ordu asko sartzen nuen bertan lanean, oso harreman ona genuen elkarren artean. Gerora zikloturista ibilaldietara joaten hasi ginen biak, garai hartan Bilbon eta Gasteizen antolatzen ziren bakarrik, eta noski, entrenatu beharra zegoen.

Asier: Nik herentzian jaso dut zaletasuna. Amama, aita, izeko eta osaba... guztiak ibiltzen dira txirrindulan. Ni amamarekin hasi nintzen ibiltzen. Hainbat bidaia egin genituen txikia nintzenean, Santiago Bidea esaterako.

Nolakoa izan zen txapelketara jauzia?

Asier: Familiari esker beste behin. Nire izeko Urduñako bizikleta lasterketan autoan ibili ohi zen asistentzia medikoa eskaintzeko. Ni berarekin joaten nintzen kotxean, asko erakartzen ninduen lasterketako giroak. Handik gutxira Amurrioko bizikleta eskolan eman nuen izena eta geroztik Aiara Txirrindularitza Elkartean nabil, kategoriaz kategoria.

Mari Carmen: Nik beti esan dut ni zikloturista naizela. Atsegin nuelako ibiltzen nintzen, eta ibiltzen naiz bizikletan. Garai hartan ezin nintzen lasterketetan ibili ez zegoelako emakumeentzako norgehiagokarik.

 

"Ezin izan nintzen Munduko Txapelketara aurkeztu, orduko Frankoren Gobernuak eta Falangeko emakume-sailak ez zidatelako utzi"

 

Nolakoa zen emakume txirrindularia izatea 50eko hamarkadan?

Mari Carmen: Eskandalu bat zen emakume bat bizikleta gainean ikustea! Zalaparta sortu zuen nire afizioak. Kazetari askok jaso zuten nire berri eta hainbatek Munduko Txapelketan parte hartzeko animatu ninduten. Nik ezin nuen jakin maila horretan lehiatzeko gai nintzen edo ez, nik uste gehiago izan zela kazetariek sortutako iskanbila mediatikoa.

Dena den, ezin izan nintzen Munduko Txapelketara aurkeztu, orduko Frankoren Gobernuak eta Falangeko emakume-sailak ez zidatelako utzi. Baimen berezi bat behar genuen emakumeok Espainiatik ateratzeko, soldaduskaren pareko zer edo zer baina gizarte-lanera bideratua.

Nola aldatu da emakumeen presentzia kirolean?

Mari Carmen: Asko hobetu da. Izugarri pozten nau nik bizi izan ditudan egoeren ostean orain emakumezkoak inongo eragozpenik gabe bizikletaz ibiltzen ikusteak. Lehen gizonezko batek lagunduta ibili behar ginen bizikletan.

Nire kasuak federazioan hausnarketa batzuk eragiteko eta egoera aldatzeko balio izan zuen. Oraindik lan asko dago egiteke eta hori agerikoa da, ezberdintasun handiak daude gizonezko eta emakumezko txirrindulariei ematen zaizkien baliabideen artean, baina aurrerapausoak nabariak dira.

 

"Oraindik harritu egiten naiz amonaren argazki zaharrak ikusten ditudanean; arropa, bizikletak... askoz sinpleagoak ziren lehen, gauzak asko teknifikatu dira"

 

Eta txirrindularitza orokorrean nola aldatu dela uste duzu?

Asier: Oraindik harritu egiten naiz amonaren argazki zaharrak ikusten ditudanean; arropa, bizikletak... askoz sinpleagoak ziren lehen, gauzak asko teknifikatu dira. Bizikletaz ibiltzeko modua ere asko aldatu da. Orain dena monitorizatuta dago eta lasterketetako estrategiek gehiago dute zientziatik kirolariaren sentsazioetatik baino. Kaskoa ere gehiago erabiltzen dugu orain -barreak-.

Nolako entrenamendu saioak egiten dituzue?

Asier: Nik Aiara Txirrindularitza Elkarteko lagun batzuekin entrenatzen dut. Denboraldiaren eta hurrengo lasterketen arabera moldatzen ditugu entrenamendu saioak baina orokorrean astean lauzpabost aldiz ateratzen gara errepidera eta 50 kilometro inguruko ibilbideak osatzen ditugu. Aiaraldea oso leku ona da entrenatzeko.

Mari Carmen: Ni egunero ateratzen naiz bizikletaz ibiltzera, ez ditut hainbeste kilometro egiten. Urduña ingurutik ibili ohi naiz eta batzuetan Gasteizeraino joaten naiz.

 

"Asko gustatzen zaigu gure iloba irabazten ikustea eta berarekin disfrutatzeko aukera izatea"

 

Arabako txapeldun bezala gailendu zara duela astebete, nolakoa izan da esperientzia?

Asier: Oso froga gogorra izan zen. Oso kirolari indartsuek parte hartu zuten bertan, bereziki esprintean onak ziren txirrindulariak. Banekien hor ez nuela aukera askorik izango beraz aste batzuk igaro nituen lasterketa ondo prestatzen eta indarrak non jarri erabakitzen. Igoeretan ikusi nuen nire burua indartsuen eta azkenean ahaleginak merezi izan du. Oso pozik nago emaitzarekin.

Mari Carmen: Guk oso harro jaso dugu albistea. Asko gustatzen zaigu gure iloba irabazten ikustea eta berarekin disfrutatzeko aukera izatea.

Familia txirrindularia izatea laguntza edo presioa da?

Asier: Laguntza ikaragarria, zalantzarik gabe. Familiako kideak zikloturistak dira oro har eta beti erakutsi didate bizikleta ondo pasatzeko zer edo zer dela. Lehia eta txapelketa guztien gainetik norberaren gozamena dagoela.

Mari Carmen: Berak ere asko eskaini digu etxekoei. Niretzako plazera da iloba lehiatzen ikustera joatea. Ibilbide berriak egin eta txirrindulari are gogo gehiagorekin heltzeko aukera izan dut berari esker.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide