“Musika hiriburuetatik atera eta baserrietara zabaltzea izango da bihar egingo dugun ekimenaren xedea”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mai. 18a, 14:04
Ezkerretik eskumara, Mikel Kormenzana Okeranza eta Oier Aranzabal Etxebarria. / Santa Katalina baserria eta Zinea.eus

OIER ARANZABAL ETXEBARRIA (Bilbo, 1988) eta MIKEL KORMENZANA OKERANZA (Urduña, 1975) Baserriko Uzta ekimeneko kideak dira. Egitasmoaren antolakuntzako kidea da lehena, eta Urduñako Santa Klara baserriko kidea bigarrena.

Baserri horretan eskainiko dute iniziatibaren bigarren saioa bihar goizean. Rafa Ruedak kontzertua emango du baserrian. Parte hartzeko baserrikouzta@gmail.com helbidera mezua bidali behar da. 20 euro balioko du kontzertua ikusi eta bertan bazkaltzeko bonoak.

Baserriko uztaren bigarren saioa izango da biharkoa. Nola sortu zen ekimena?

Oier: "Paperezko kontzertuetatik" sortu zen. Baserri ekologikoen EHKOlektiboa kontzertuen antolatzaileekin jarri zen harremanetan. Horrela hasi ginen forma ematen baserria erdigunean izango lukeen musika ekimenari.

Baserria kulturala da, baina kultura ekimenak hiriguneetan izaten dira normalean. Guk beti izan dugu gustuko musika ohiko lekuetatik atera eta beste toki batzuetara eramatea.

Hori da gure filosofiaren ardatzetako bat: musika hiriburuetatik atera eta baserrietara zabaltzea. Hiritarrei baserria zabaltzeko modua bada ere, bertako lanak eta egunerokotasuna azaltzeko. Baserritarrei musika proiektu berriak plazaratzea ere bada asmoa. Biharko zita Urduñan izango da, Rafa Ruedarekin.

 

“Hori da gure filosofiaren ardatzetako bat: musika hiriburuetatik atera eta baserrietara zabaltzea”

 


Mikel: Gu EHKOlektiboko kideak gara. Proiektua sortu zenetik gabiltza proiektuan, baserrien mugimendu agroekologikoa delako eta gu guztiz ados gaudelako irizpide horiekin.

Kolektiboaren lana eta printzipioak nola jendarteratu pentsatzen egon ginen iaz, eta horrelako ekimenak aurrera ateratzea erabaki genuen. Kultura, nekazaritza, baserria eta hiriko giroa uztartzea zen asmoa. Horrela sortu zen Baserriko Uzta egitasmoa. Aukera eskaini ziguten eta guk aurrera egitea erabaki genuen.

Oier: "Paperezko kontzertuak" liburutegi batean egiten genituen eta oraingoan baserrietan egingo ditugu emanaldiak. Testuingurua zeharo aldatzen da eta horrek oso berezia egiten du ekimena.

Zer topatuko du bihar goizean Santa Klara baserrira gerturatzen denak?

Oier: Aurreko kontzertua udazkenean izan zen Antzuolako Pikunieta baserrian, Anarirekin. Hor izan genuen lehen esperientzia.

Ez da kontzertu batera joatea bezalakoa. 10:30ean bilduko gara eta Santa Klara baserrietako kideek zer egiten duten erakutsiko digute lehenbizi. Zer produktu lantzen dituzten eta zer eguneroko duten azalduko digute.

Kontzertua egingo den tokian amaituko da bisita gidatu hori. Pikunieta baserrian ukuiluan egin zen emanaldia. Santa Klaran beste espazio batera eramango gaituzte eta bertan gozatuko dugu Rafaren kontzertuaz. Kontzertu hurbila izango da, elkarrengandik oso gertu egongo garelako.

Emanaldia amaitutakoan otordua egingo dugu bertako produktuekin, goizari amaiera emateko. Goiz bateko plan borobila izango da, familian zein lagunartean egiteko.

 

“Kontzertu hurbila izango da, elkarrengandik oso gertu egongo garelako”

 

Mikel: Eguna nahiko osatua dago. Jendea baserrira iritsiko da eta bisita gidatua egingo dugu, gure eguneroko lana azaltzeko. Hamarretako bat izango dugu gero, Rafa Ruedaren kontzertua baino lehen. Kontzertuaren ostean izango da bazkaria, tokiko produktu agroekologikoekin egina.

Hainbat tokitan egiten ari zarete ekimena. Zer ibilbide izango du aurrerantzean?

Oier: Urtaro bakoitzean emanaldi bana egiteko asmoarekin sortu zen ekimena. Udaberrikoa Urduñan egingo dugu. Udakoa, aldiz, Arbolan izango da, uztailean. Udarako uzta jasoko dugu Mikel Urdangarinekin. Bertako baserriak belargintza du ofizio: sendabelarrak eta antzeko produktuak ekoizten dituzte.

Santa Klara baserriak frutagintza du ardatz eta gaztagintza, aldiz, Pikunieta baserriak. Toki eta kontzertu bakoitzak testuinguru propioa du.


“Normalean herrietako eta baserrietako kideak izaten dira hirira doazenak ekimen kulturalez gozatzera. Kontrako bidea proposatzera gatoz orain”

 
Gure asmoa aurtengo emanaldiekin amaitzea da, eta datorren urtean baserri gehiagorekin jarraitzea, beste musika batzuk ezagutzeko.

Garrantzitsua da nabarmentzea kultura ohiko oholtzetatik atera behar dela batzuetan. Saiatu behar gara jendea mugiarazten. Normalean herrietako eta baserrietako kideak izaten dira hirira doazenak ekimen kulturalez gozatzera. Kontrako bidea proposatzera gatoz orain: Hiriko jendea Urduñara bertaratzea eta baserria antzoki berezi bihurtzea.

Eskualdeko beste baserriren batean egitea aurreikusi duzue?

Mikel: Momentuz ez, baina hori da asmoa: mugimendua hiriko zein eskualdeko jendeari aurkeztea, baina baita baserritarrei ere. Oso ekimen irekia da, zehaztutako oinarriak betetzea eskatzen da soilik. Euskal Herriko mugimendua sortzea da asmoa, eta Aiaraldean ere zabaldu nahi dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide