“Heriotza bizitzaren parte dela erakutsi dit Ekhik eta hori islatu dut liburuan”

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mai. 28a, 07:00

Bere semearen heriotzari buruzko liburua plazaratu du Maite Garcia Riobok. / Aiaraldea.eus

MAITE GARCIA RIOBOk (Pontedeume, 1978) urteak daramatza Urduñan bizitzen. 13 hilabeterekin hil zitzaion Ekhi semea. Haurren heriotzaren doluari aurre egiteko liburua idatzi du.

Ekhiren heriotza da liburuaren ardatza. Zer adierazi nahi izan duzu lanean?

Nire kontsultara datozenek eman zidaten liburua ateratzeko ideia. Guraso asko etorri zaizkit haurrak zendu zaizkielako zulotik atera ezinik. Nik 3 urte eman ditut heriotza lantzen, terapiak egiten. Asko lan egin eta gero, hiru urteren buruan, ohartu nintzen irribarrea eskuratu dudala, bizitza polita dela pentsatu dudala berriz. Horregatik liburuan islatu dut bizitako prozesua; trantze bera bizi dutenak lagundu ahal izateko. Dena den, heriotza hainbeste lantzen denez, ez dut uste dolutik pasa behar denik laguntza sentitzeko. Heriotzarekiko ikuspegi ezberdin bat da, erlijiotik kanpo dagoena.

Heriotza ikuspegi erlijiosotik "aldendu" duzu.

Heriotza bizitzaren parte da, inolako taburik gabe hitz egin beharko litzateke horri buruz. Heriotza bizitzan integratzen saiatu behar gara, gertu dugunean egoera hobeto kudeatzen jakiteko.

 

"Heriotza bizitzaren parte da, inolako taburik gabe hitz egin beharko litzateke horri buruz"

 

Heriotzaz hitz egitea beharrezkoa dela diozu.

Gertukoren bat hiltzen denean gauza eta emozio asko isiltzen dira, ez dira kontatzen. Jendeak sentipen arraroak ditu, baina ez ditu komunikatzen, egoera bera bizi duen batekin ez bada. Bitxia da heriotzaz modu naturalean ez hitz egitea. Zergatik gertatzen den hau? Kritikekiko beldurragatik. Jendeak ez du energia ulertzen. Maitasuna gure parte da, energia: indartu, mindu... egin gaitzake. Gure alde energetikoa kudeatzea oso garrantzitsua da hiltzen garenean zer gertatzen den ulertzeko. 

Zergatik jaiotzen gara? Zergatik bizi ditugu egoera hauek batzuk, eta beste zenbaitek ez? Zergatik? Galdera horiek erantzuteko beharra sentitu nuen nire semea hiltzean. Zergatik igaro behar nuen nik trantze hori, umeekin parkean jolasean guraso mordoa zeudenean? Hari horietatik abiatuta jo nuen nire burua laguntzeko erantzun eta terapia bila. Batzuei erlijioan sinisteak laguntzen die, niri ez. Oso ondo iruditzen zait batzuek fedea izatea, baina niri ez zait aski. Horregatik, heriotza zientifikoki aztertzea erabaki nuen. Nire ustez, saneatzeko zergatiak bilatu behar dira: egoera ulertu behar da, onartu eta aurre egin. Nik beti eramango dut motxila hori aldean, baina zama ez izatea lortu behar dut.

 

"Zergatik jaiotzen gara? Zergatik bizi ditugu egoera hauek batzuk, eta beste zenbaitek ez? Zergatik? Galdera horiek erantzuteko beharra sentitu nuen nire semea hiltzean"

 

Heriotzari zientifikoki heldu diozu. Nola?

Bi zientzialarik baieztatu berri dute hiltzen garenean gure energia ez dela desagertzen. Gure gorputzeko energiak 3.5 kilo pisatzen ditu. Hiltzean 3.5 kilo gutxiago pisatzen ditugu. Adituek diote pertsonak zendu ostean energia hori unibertsora itzultzen dela, eta memoria duela. Horregatik, batzuetan, toki edo pertsona ezezagun bat ezaguna egiten zaigu. Ean Stevensonek "20 casos de reencarnación" liburuan 3.000 ume ikertu zituen, haurren istorioak jasoz. Kontakizun horiek errealitate zirela frogatu zuen liburuaren egileak 20 kasuren bidez. Bakoitzak bere teoria du, ordea. Nire asmoa ez da horretan sakontzea, heriotza modu natural batean lantzea baizik.

Nola landu beharko litzateke heriotza, zure ustez?

Zenbait tokitan heriotza ospatu egiten dute, sofan malkotan hautsi ordez. Sinistea edo ez sinistea kulturarekin lotua dago, barneratu dugunarekin. Nik denetarik ez ikastea botatzen dut falta, bakoitzak balora dezan zeri heldu eta zeri ez. Nire amona 92 urtez bizi izan zen, eta ez nuen sekula beltza ez den kolore batekin jantzita ikusi. Beti zihoan lutoz. Hori kulturaren ondorio da. Pena ematen dit jendeak ez ikertzea, indarberritzeko modua delako. Gauzek beti dute erantzun edo arrazoiren bat, baina bilatu egin behar da horretarako, eta ez da erraza. Nik hautatu nuen bidea oso gogorra izan zen, terapia oso emozionala izan baitzen.

Terapia hautatu zenuen indarberritzeko bidetzat.

Brian Weis Estatu Batuetako psikiatrak planteatutakoa da, iraganeko bizitzetara jotzean datza, pazienteen fobiak soluzionatzeko. Bartzelonara joan nintzen orduan, Cristina San Migelekin -haren ikaslea- gauzatzera. Oso terapia gogorra da, emozionalki prestatua egon behar zara. Mendizale bat baina, ezin da Everestera heldu lana gogotik egin ezean. Edozer konpontzeko lana dago atzean. Terapiarekin bizitzarekiko ikuspegia aldatu zitzaidan: gozatzeko aukera ikusi nuen. Bizitzak hemendik banarama zerbaitegatik da, zergatik tematu beste bide bat hartzen? Niretzat Ekhi irakasle handia da, asko ikasi eta ulertu dut berarengandik.

Ekhi proiektua ez da liburua bakarrik...

Iñaki Plazak -nire bikoteak- DVD disko bat egin zion, eta liburu hau proiektuaren parte da ere. Indiara bidaia bat egin genuen duela 5 urte. 56 bizikleta erosi genituen Vicente Ferrer Fundazioaren bidez hango herri bateko haurrei emateko, 10 kilometrora baitzuten eskola eta bestela ezin ziren iritsi. Bizikleta zen eskolaratzeko zuten aukera bakarra.

Hori Ekhiren heriotzatik atera da. Indiara joan ginenean zikloa itxi genuela uste genuen, baina jabetu ginen 56 haur lagundu arren milaka ume zeudela oinez bide horietatik oraindik.

Iñakik Ekhi proiektua abiatzea erabaki zuen orduan; diskoaren irabaziak bertan eskola bat eraikitzera bideratuta. Ikastetxea egiteko diru askoz gehiago behar denez, liburuko dirua ere horra bideratuko dugu. Hiruzpalau urteren buruan ametsa egi bihurtzea espero dugu. Ekhiren heriotzak gizatiarrago egin gintuen. Hilero 5 fundazio laguntzen ditugu. Jasotzen dena konpartitu behar da, bizitza ez da jasotzea bakarrik.

Bizitzari aurre egiteko zer planteatu duzu liburuan?

Ekhiren heriotzaz geroztik, gehiago baloratzen dut bizitza. Nire umeak hezteko modua ez zen bera izango Ekhi ez balitz hil. Jende askok lagundu nau Ekhi gaixotu zenetik. Zaku horretan sartzen ditut gaixoaldian aldamenean izan genituen 3 pediatrak. Urtebeteko txertoa jartzean makaldu zen, sukar handia izan zuen eta gaizki jarri zen. Oso ume irribarretsua zen, sekulako begi urdinak zituen, baina nik helduaren begirada ikusten nion, jakintsuarena. Irakastera zetorrenaren sentsazioa izan nuen hasieratik, eta hala izan da. Asko lagundu digu pertsonalki garatzen Ekhik.

 

"Ekhiren heriotzak gizatiarrago egin gintuen. Hilero 5 fundazio laguntzen ditugu. Jasotzen dena konpartitu behar da, bizitza ez da jasotzea bakarrik"

 

Zer ikasi duzu semearen heriotzatik?

Heriotza bizitzaren parte dela, eta badirela luzatu ezin diren egoerak. Ekhiren ondotik nire bizitzan agertu diren pertsona guztiak indartzeko etorri dira, ez txikitzeko. Hori sekulakoa da. Nik beti sentitu dut Ekhik aurrera egiteko harriak jarri dizkidala bidean.

Nolakoa izan da liburua sortzeko prozesua?

Bi seme txiki ditudanez, gauetan idatzi dut. Ama izanik, familia eta lan bizitza uztartu behar izan ditut. Ni ez naiz idazlea, beraz, 5 urte pasa ditut bukatu arte. Hasiera batean, liburuaren izenburua Zergatik Ekhiri? Zergatik niri? zen. Argitaletxeko aditu batekin jarri nintzen kontaktuan orduan, nik adierazi nahi nuena irakurleari ulerterrazagoa egiteko. Bien artean idatzi dugu liburua, beraz: Igor Del Barriok eta nik. Iñaki Plazaren trikitia ikaslea da Igor. Liburu argitaletxean lan egiten duenez; berari proposatu nion, pertsona berezia delako. Forma emateko harria bota nion, eta berak bihurtu du liburu. Izenburua aldatzea proposatu zidan, heriotzaren inguruan idaztea ez delako erraza. Ukitu polita Igorrek eman dio. Iñakik ere asko lagundu nau, ekarpen handia egin du hemen ere. Iñakigatik ez balitz, ez nintzateke nagoen tokira helduko.

 

"Liburuaren irabazi oro Indiako Ekhi eskolara bideratuko dugu"

 

Argitaletxearen aldetik, laguntzarik jaso duzu?

Bai. Onura soziala duenez helburu, liburuaren amaieran argazkien pliego bat sartzeko aukera eman zidaten. Bizitzak muturren aurrean jartzen dizu behar duzuna: hil zenetik ez nintzen gai izan Ekhiren argazkiak ikusteko. Hasieran ezezkoa eman nien, prest ez nengoelakoan. Iñakik baietz esan zidan, arratsalde osoa edo behar nuen denbora hartzeko etxean albumak begiratzeko, negar egiteaz nekatzeko. Hori zen gainditzeko falta zitzaidan erronka. Eta lortu egin nuen.

Bizitza harriz beteta dago, eta koxka horiek dira punta batetik bestera iristeko gainditu behar direnak. Ni oso pozik nago, argitaletxearen opari horri esker beste hutsune bat itxi nuelako.

Pozik zaude egindakoarekin, beraz.

Bai, oso! Bada beste bitxikeria bat pasa zaidana. Urteak eman ditut nire pazienteak ohartu gabe Ekhiren izenean errezetak sinatzen. Ekhiren argazkiak ikustera ausartu ostean, inkontzienteki itzuli nintzen dokumentuetan nire firma egitera, 6 urteren ondoren. Bestalde, azalak ere badu berea. Juanjo Barok diseinatu du, airografistak.

Non eskuratu ahalko da liburua?

Edozein liburu-dendetan, edo Amazonen. Liburuaren irabazi oro Indiako Ekhi eskolara bideratuko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide