Urduñako Foru Plazatik Txarlazo mendiko igoeran dagoen Gualdetxu iturrira mendi bizikletaz igotzen azkarrena izatea, hori da datorren irailaren 29an Gualdetxu MBTT taldeko kideek mahai gainean jarri duten erronka. Egun horretan igoera kronometratua egingo dute klubari izena ematen dion iturrira.
4,5 kilometrotako ibilbidea izango da, 560 metroko desnibel positibokoa. Proba arratsaldeko lauretan abiatuko da eta kirolariak elkarrekiko minutu bateko denbora-tartearekin aterako dira abiapuntutik.
Gau Martxaren V. edizioa
Urte bateko geldiunearen ostean Gualdetxuk Gau mendi-bizikleta martxa berreskuratuko du irailaren 29an, aurtengoa martxaren V. edizioa izanik. Otxomaioen bueltan antolatzen zen norgehiagoka udazkenera pasako da, beraz.
Martxak 26 kilometroko luzera izango du eta gaueko hamarretan abiatuko da. Bidean Urduña inguruko basabideak eta herriak zeharkatuko ditu. Parte hartzaileek dutxa zerbitzua izango dute martxa bukatzerakoan, bai eta bizikletak garbitzeko postua ere.
Izena emateko epea zabalik
Astelehenean ireki zuten Gau Martxan edota Igoera Kronometratuan izena emateko epea. Inskripzioa internet bidez egin daiteke esteka honetan klik eginda.