[IRITZIA] Agur jendetsua egin dio Urduña hiriak Ricardo Telleria Larrea “Kampanera”-ri

Xabier Eguiluz 2018ko uzt. 17a, 18:54

Ricardo Telleria Larrea -ezkerrean- Iñaki Otegirekin batera, "Conjunto Ganeko" taldean jotzen. / ADRAtan elkartea

Musikari urduñarraren bizitzaren nondik norakoei buruzko honako testu hau plazaratu du ADRAtan elkarteko kidea den Xabier Eguiluzek. Zenbait urduñarrek gogoratu dute azken aldian Gure Esku Dago plataforman ere parte hartu zuela.

Iragan uztailaren 6an ospatu zen Urduñako Andra Mari parrokian Ricardo Telleria Larrea “Kampanera” musikari urduñar ezagun eta polifazetikoaren ohorezko hileta, 18:30etan.

Hiriko parrokoa den Alvaro Gastonek gidatu zuen ekitaldia beste zazpi apaizekin batera, eta debozio eta gertutasun handiarekin bizi izan zuten hileta Urduñako tenplu zabala bete zuten fededunek.

Ekitaldiaren sarrera gisa, hildakoaren alaba den Zohartze Telleriak hartu zuen hitza. Bere aitaren figurari omenaldi sentitu eta maitakorra eskaini zion eta bere espero gabeko amaierak utzitako hutsunea helarazi zuen.

Parroko jaunak, bere aldetik, Richarren balio eta giza dohain handiak azpimarratu zituen homilian, dohain horiek sozialki konpartitzeko gai izan zela nabarmenduaz, bere adiskidetasunaren, alaitasunaren eta musikaren bidez. Ekarpen oso interesgarriak izan ziren horiek, gure gizarteak benetako giza baloreak eskatzen dituen garai hauetan.

Ekitaldian ez zen musika falta izan. Ohikoan bezala, parrokiako abesbatzaren kargu egon zen, errepertorioa Biguri-Txomin bikotearekin eta Getxa Goi txistulari taldearen musikarekin elkarbanatuaz, tronpetaren, saxoaren eta organoaren laguntzarekin.

Agur Jaunak abestiaren noten ostean, eta hilotza tenplutik ateratzen zen bitartean, akordeoia entzun zen, “Kanpanera” abesti ezaguna joz. Iñaki Otegi arduratu zen horretaz, bere musika-lagun banaezina zen Richardi azken omenaldia eginez.

Parrokiaren arkupeetan Erauntzi dantza taldeak dantzarien korridore bat osatu zuen, espatak eskuan, beste dantzari talde batek ohorezko aurreskua dantzatzen zuen bitartean. Modu horretan eskertu zioten Richardi hainbat urteetan zehar hiriko dantza taldeekin txistulari bezala izandako inplikazioa.

Nola lortu zuen Richardek pertsona hurbil eta berezi gisa definitu zuen ospe hori?

Baliteke hiru anaietatik bigarrena izateak -”erdiko anaia”- eragina izateak. Baliteke hortik etortzea bere intuizioa eta zolitasuna, “hemen nago ni” esateko.

Gazte behatzailea zen, belarri eta zentzu musikal handiz dohaindua. Garai hartako abestiak kantatzen eta txistukatzen imajinatu dezakegu goizero, bere etxea eta Santa Klara monasterioa banatzen zituzten 200 metroak ibiltzen zituen bitartean, meza santura joaten zelako, eliz-mutil bezala.

Beti zegoen adi modan jartzen ziren abesti berrietara. Kanta horietako batek sekulako inpaktua eragin zion eta bere bizitza osorako markatu zuen: “Kampanera” kanta. Abesten zein txistukatzen, hori izan zen bere abesti gogokoena. Iradokizun sinple bat nahikoa zen Richar txikiak bere intonazioa has zezan.

Oraindik gordeta dugu gure begi ninietan Richar txikiak eskaini zigun abesti sorta Gorobel mendilerroaren pago hostotsuen azpian geunden guztioi, Santiago egun urrun batean. “Kampanera” izan zen Abesti txalotu eta bikainena, noski.

Musikarekiko zuen zaletasunaren ondorioz, Santa Zezilia musika bandak eskaintzen zituen dantza eta musika emanaldi guztien ikusle eta entzule sutsua bilakatu zen Richar txikia. Udal danbolin-jolea izan zen Epafrodito Landalucek igandero plazako kioskoan txistu eta danborrarekin eskaintzen zituen dantzaldietara ere joaten hasi zen.

Zuen jarraikortasun eta erraztasuna kontuan hartuta, logikoa zen pentsatzea mutikoa ez zela kantuak abestera mugatuko. Instrumenturen bat probatu behar zuen. Gauzak hala, garai hartan berreskuratzen ari ginen instrumentu baten tonu gazi-gozoek erakarri zuten: txistuarenak.

Richar izan zen, beste gazte urduñar batzuekin batera, Urduñan txistua ikasteari ekin zion lehendabizikoenetarikoa, 1955-1960. urteen artean. Bere zaletasun eta konstantziaren ondorioz oso kostata baimentzen ziren kalejira eta emanaldietan parte hartzeari ekin zion, oraindik ume bat izan arren.

Goiko argazkiak Ricardo Telleria ikusi daiteke umea zela, txistulari munduko bi maisu garrantzitsuaren atzean: Demetrio de Gardeazabal -zuzendaria izan zena- eta Joaquín de Landaluce. 1962. urtean eginiko argazkia da, Amurrion eginiko alardean.

Txistuarekiko pasioaz gain, kirol munduan ere pausoak eman zituen Richarrek. C.D. Orduñaren gazte taldeko atezainaren jertsea jantzi zuen 1966-1967. urteen artean.

Duela bi hiru hilabete eskas Richarrek nostalgiaz gogorarazi zizkigun bere gaztaroan Cinema Orduña zaharrean igaro zituen une politak. 

Hasieran, edozein haur xalo bezala, atezainaren alboan aritzen zen, ordaindu gabe sartzeko saiakeran. Handik bi astera, aldiz, bere jatortasuna eta prestutasuna baliatzen hasi zen errekaduren bat egin edo aretozainari zein kameralariari ezusteko abisu bat emateko. Baina txistua medio batzen gintuen adiskidetasuna izan zen Richarren estrategia eraginkorrena zineman egun guztietan “musutruk” sartu ahal izateko.

Baina Richar zen bezalakoa zen, prestu eta adeitsua; eta ez zuen inolako arazorik izaten zinemaren atarian sarrerak mozten aritzeko, ez eta, linterna eskuan, ikusleak euren eserlekuetara bideratzeko, ohiko arduradunak euren postuetan ez zeuden uneetan. Eta aretoan pelikula ikusteaz aspertzen zenean, kabinara igotzen zen nirekin hitz egitera eta pelikulak birbobinatzera.

Oroitzapen horiek aditzera ematen dute zein zen Richarrek bere nerabezaroan zuen intuizio, erantzukizun, objektibitate eta erabilgarritasun maila.

Bien bitartean, presa gabe baina konstantziarekin, Richar hazten joan zen txistulari moduan, garai hartan zailtasun handiekin egiten ziren alarde handietan eta txistulari topaketetan parte hartzen. Modu horretan, aukera izan zuen Euskal Herriko garai horretako txistulari handienekin batera aritzeko.

Aukera izan zuen baita ere ziega batean lo egitea zer zen jakiteko, demokrazia iritsi baino lehen egondako ekitaldi politiko batean txistua jotzeagatik.

Hala eta guztiz ere, Richarren txistuak jarraitu zuen Euskal Herrian apurka apurka agertzen hasi ziren ospakizunak alaitzen.

Txistuaren nondik norako guztiak jakinda, bere musikarekiko zaletasunak gehiago exijitzen zion. Urduñako Musika Banda erreferentetzat hartuta, saxofoia ikasteari ekin zion eta handik gutxira gai ikusi zuen bere burua Musika Bandan aritzeko. Bertan egon zen aktiboki parte hartzen mende honen hasierara arte.
1974. urtean behargin gisa kontratatu zuten Tubacex enpresan eta Artziniegan kokatutako Tubacex Taylor filialera bideratu zuten. Gauzak hala, aukera izan zuen bertako bizilaguna zen Matilde Luengas ezagutzeko, bere emaztea eta bere bi seme-alaben -Unai eta Zohartze- ama izango zena. Hori dela eta, familia eratu berriak urte ugari eman zituen Artziniegan bizitzen.

Tubacexen Amurrioko lantegira bideratu zuten gero, bidalketen sailera. Lan arduratsu eta eraginkorra gauzatu zuen bertan, eta jarrera eredugarria izan zuen zuzendaritza mailan zein bere lankideekiko elkartasunarengan. Horrek aukera eman zion bera konfiantzazko pertsona bat zela erakusteko.
Lan berria medio, bizitoki berria bilatzeari ekin zion Telleria-Luengas familiak. Modu horretan etorri ziren Richarren “txoko pribatura” bizitzera: Urduñara.

Bere lanpostuko ardurak ilusio eta desioekin uztartzen aritu zen Richar, eta gai izan zen Unai eta Zohartzeri musikarekiko pasioa transmititzeko eta, era berean, emaitzak esperimentatzeko parada izateko. Zohartze klarinetea ikasten hasi zen eta Santa Zezilia bandan parte izateko gai izan zen. Modu horretan, aita eta alabak aukera izan zuten bandan elkarrekin aritzeko, mende honen hasierara arte. Unaik, aldiz, ez zuen horrenbesteko ibilbiderik izan musikari gisa, perkusioan bere aita laguntzeko hainbat saiakera egin zituen arren. 

Bere ezinegon musikala eta bere mentalitate mugitu zein izaera hurbil eta alaia medio, egiten zekien hori egiteari ekin zion Richarrek: saxoa eta txistua bakarlari gisa jotzea bere inguruko herri eta kaleetako jaietan.

Badirudi esperientzia hori oso positiboa izan zela. Gauzak hala, musika talde bat osatzea izan zen bere hurrengo helburua, eta hala egin zuen, “Beti Jai”-ko Manolo Montalbanekin. Kide gehiago batu ziren gero bikotera: Oscar tronpeta moduan, Belen abeslari gisa eta “El Pana” mikrofonora.

Manolo Montalban hil zenean, taldea hankamotz geratu zen. Gauzak hala, Luiaondoko Iñaki Otegirekin (esperientzia handiko akordeoilari eta piano-jolea) jarri zen harremanetan Richar. Bien artean talde berri bat jarri zuten martxan, “Orquesta Ganeko” izenarekin.

Otegi eta Richard batera aritu izan dira Nerbioigoienako, Urkabustaizko, Losa haraneko eta Merindadeetako hiri eta herri nagusiak animatzen, Arrastariako harana eta Urduña ahaztu gabe. Horrez gain, bataio, jaunartze, ezkontza eta bestelako jaietan ere aritu izan ziren jotzen.

Hala gogoratu zuen Urduñako parrokoak Richarren hiletako homilian: “Nork ez du noizbait Paquito el chocolatero abestia dantzatu bi fenomeno horien -Richar eta Otegiren- erritmora?”.

Eta guk pentsatzen dugu: “Nor ez da inoiz berbena batean Richarrengatik goraipatua eta animatua izan dantzatzeko edo espero gabeko laudorio bat jasotzeko?”. Dudarik gabe, Richarren detaile pertsonal bat zen dantzan zegoen pertsona modu maitakor batean probokatzea, alaitu eta festan hobeto integratu zedin. 

Zer gehiago esan ahalko genuke berari buruz?

Bere zolitasuna eta bihotz ona nabarmendu ahalko genituzke, bere alaitasun kutsakorrarekin eta hurbiltasunarekin batera. Dohain horiek aitortuak izan ziren Urduñako zein eskualdeko herritarrengatik, dudarik gabe. Hori argi geratu zen bere oroimenez Urduñako parrokian egin ziren ekitaldi erlijiosoetara bertaratutako jende kopurua ikusita.

Gure partetik, gure doluminik sentituenak helarazi nahiko genizkieke bere emazte Matilderi, Unai eta Zohartze seme-alabei, bere anai Jose Luisi eta honen emaztea den Maria Jesusi zein familiako gainontzeko kideei.

Eskerrik asko zure adiskidetasunagatik Richard. Goian bego.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide