Atzo arratsaldean egin zuten Urduñako skate parkea nola berritu adosteko bilera irekia. “Sei gazte bertaratu ziren”, azaldu du Itziar Bigurik. Zinegotziak azaldu du aurtengo udal-aurrekontuan 15.000 euroko diru-partida erreserbatu zutela pista konpontzeko. “Badaude konpondu beharreko hainbat elementu, aldapa kasu. Baina, era berean, aukera ezberdinak zeuden mahai gainean”.
Aukera hori kontrastatzeko deitu zuen tokiko erakundeak atzoko bilera. Lan-talde bat eratu dute, gazteek, aditu batek eta udal ordezkariek osatua. “Abuztuan zehar ideiak jasotzea da asmoa, eta beste bilera bat egingo da hilabete horren amaieran”, aurreratu du Bigurik. Iraileko lehen hamabostaldian hasiko lirateke obrak, aurreikusi dutenez. Udalak oso positiboki baloratu du prozesuak hartutako bidea. “Oso egokia iruditzen zaigu horrelako proiektuak egiterako orduan erabiltzaileei iritzia eskatzea, eurek ere gauzak horrela egin izana eskertu ziguten atzoko bileran”.
Skate parkearen erabiltzaileek urteak daramate azpiegituren egoera txarra salatzen, duela sei urte -2012. urtean- eginiko bideo honetan ikusi daitekeenez: