Seigarrenez antolatu dute Urdufolk jaialdia. Irailaren 1ean, larunbatean izango da finala. Bertan hartuko dute parte La Kabhala Band (Toledo), Alicia Alonso & Guillermo Copello (Ciudad Real eta Argentina) eta The Taverners taldeek (Burgos). Kontzertuak, baina, ostiralean hasiko dira.
Ipar Euskal Herritik Bidaia taldea taularatuko da lehenbizi, 21:30ean, Mixel Ducau eta Caroline Phillips kantariekin, besteak beste. 23:20 bueltan, Xabi Aburruzaga Trio hirukotearen emanaldia egongo da, "Hego Euskal Herritik". Hala zehaztu du Eriz Perez kultura zinegotziak. 01:00etan DJ Urdufolk-ek girotuko du Foru plaza.
Larunbateko egitaraua
Aurten ere Koroatze jaiekin bateratu dute egitaraua. Azken urteetan bezala, Asturiaseko El Trasno gaitajoleak arduratuko dira kalejiretaz. Ostiralean 20:00etan aterako dira Foru plazatik, eta larunbatean 12:30ean. Kontzertu didaktikoek ere izango dute tartea, 18:00etan Ander Garciak Andra Mari ikastetxeko areto nagusian emanaldia eskainiko baitu. 19:30ean Getxa Goi txistulari taldea aterako da hirian barrena.
Urdufolkeko finala
21:00etan hasiko da Urdufolkeko finala. Lanak aurkezteko epea uztailaren 15ean amaitu zen. Talde irabazleak 1.000€ eskuratuko ditu, eta bigarren zein hirugarren sailkatuek 500€. Jaialdiari buruzko informazio guztia webgunean dute ikusgai: www.urdufolk.eus atarian. Aiaraldea hedabidea izango da babesleetako bat, eta bertan izango da kontzertuen zuzenekoak jasotzen.