Urduñako Udalak jakinarazi duenez, aste honetan ekingo diote Harategi kalea konpontzeari. "Kale osoa eraberritzera goaz", adierazi du Elena Urruela zinegotziak. Estetikoki Alde Zaharreko gainontzeko kaleen estiloarekin bateratzea da asmoa. Lurrean egingo dituzte zenbait aldaketa, horizontalagoa izateko. Horrez gain, hormigoi inprimatua jarriko dute. "Hala ere, aparkaleku gunea mantenduko da", zehaztu du Urruelak.
Lanen iraupena hiru hilabete ingurukoa izango da, tokiko erakundearen arabera. Horrek zenbait aldaketa eragingo ditu: "Trafikoarentzat itxita egongo da kalea, baina zabor edukiontziak mantenduko dira".