Bi hitzaldi antolatu ditu Urduñako Udalak datorren abuztuaren 29rako -asteazkena-, Alondegian. 18:00etan izango da lehena, eta agrokonpostajea izango du hizpide. Hondakinen zati organikoa baserritarrek jasotzean datza agrokonpostajea, “kalitatezko konposta” sortzea helburu. “2020rako udalek hondakinen isurketa erdira murriztu beharko dute, eta horretarako agrokonpostajea bide apropos bat izan daiteke”, azaldu dute hitzaldiaren antolatzaileek.
Hitzaldiak ordubete iraungo du, 19:00etan hasiko baita bigarren solasaldia, ekonomia zirkularra eta txanpon sozialak hizpide izango dituena. Franco Llobera adituak eskainiko du hitzaldia.