“Gazte Duatloia” gehitu diote Urduñako Mendi Duatloiari. Hortaz, bi proba izango ditu aurtengo txapelketak: Urduñako Mendi Duatloia eta gazteena. Banaka eta taldeka leihatu ahalko dira partaideak; emakumezkoen, gizonezkoen edota kategoria mistoan. Irailaren 22an izango da hitzordua. Foru plaza bihurtuko dute abiapuntu eta helmuga gune. 17:00etan izango da lasterketa nagusia. Gazteen duatloia, berriz, 19:30ean hasiko da. “17 urte artekoek hartu ahalko dute parte”, zehaztu dute Karra Saez eta Gaizka Urruela antolakuntza taldeko kideek. Mendi bizikletarekin eta lasterka osatu beharko dute ibilbidea denek. Informazio guztia www.umd.eus webgunean dago. Izen-ematea, aldiz, www.kirolprobak.com atarian egin beharko da.
Gazte Duatloia
Gazteentzat aurrenekoz egokitu dute proba: “Jende gazteari parte hartzea eta duatloiarekin kontaktua errazteko. Gainera, gurasoekin lagunduta osatu ahalko dute bidea”. Zirkuituari dagokionez, bizikleta gainean 4.86 kilometroko ibilbidea zeharkatu beharko dute, 61 metroko desnibelarekin. Korrika, aldiz, kilometro bat izango da gauzatu beharreko distantzia.
Helduen sektoreak honakoak izango dira: 7 kilometro korrika 257 metroko desnibelarekin, 16 kilometro bizikletaz 560 mailako desnibelarekin eta kilometro bat korrika 6 metroko desnibelarekin. “Ibilbidea teknikoki intentsoa eta aldakorra da: gune azkar eta mantsoak daude, igoerak eta jaitsierak, mendi bideak eta pistak... Korrika ere lehenbiziko kilometroak aldapa gora dira”. Antolatzaileen hitzetan, urtetik urtera hobetzen doan ekimena da Urduñako Mendi Duatloia: “Aurtengo ibilbidea %100 da bizikletagarria, eta 1, 7 eta 16 kilometroak sprintean egin litezke, jendeari zirkuitua luzea eta arraroa ez egiteko. Horrez gain, gazte duatloia antolatu dugu”. Aiaraldea hedabideak dortsal bana zozketatuko du.