“Nerbioi Arroako txistulari topaketa” antolatu du Urduñako Getxa Goi taldeak. Hori dela eta, egitarau oparoa prestatu dute irailaren 20tik 23ra. Ekintza gehienak Alondegian izango dira, 19:00etan. Aurrenekoz jasoko du eskualdeak Nerbioi haraneko topaketa.
Datorren ostegunean -irailaren 20an- izango da lehenbiziko jarduera: topaketen aurkezpena eta “Hiru zulodun flautaren eboluzioa Euskal Herrian” hitzaldia. Ostiralean, berriz, “Txistulari edo danbolinjolea” hitzaldi parte hartzailea egingo dute; Sabin Bikandi Belandiaren eskutik. Larunbatean Getxa Goi Txistulari taldearen kontzertua izango da ekintza nagusia, 19:00etan Alondegian.
Igandean, txistularien topaketa
Igandean elkartuko dira Nerbioi inguruko txistulariak Urduñan, topaketa antolatu baitute.
10:30ean abiatuko dira tren geltokitik, 11:00etan Antzinako Ama santutegian Euskal Herriko Txistulari Elkartearen 90. urtemuga ekitaldia egiteko.
Eguerdian pilatuko dira ekintza gehienak: 12:00etan jaitsiko dira hirira kalejiran, eta 13:00etan kontzertua eskainiko dute Foru plazan. Herri bazkariak eta Getxa Goik prestatutako erromeriak girotuko du arratsaldea. Elkartetik bertaratzeko gonbita zabaldu dute.