Urduñako herri museoa sortzeko lehen urratsak ematen hasiak dira. Uda hasieran egin zuten aurkezpena Alondegian. Egun, elkartea eratze bidean daude, proiektua garatzeko. Kideetako bat da Juanjo Sanz: “Txetxu Lanbarrirekin batu ginen orduan, pribatuak diren tresnen jabeekin harremanetan jarri nahi dugu: aulkigintza, zapatariak... Urduñan oso ohikoak ziren ofizio horiek”. Gaur egun ere, Alde Zaharreko kaleetan begista litezke aulkigintza dendak.
Erakusketa pieza edota bilduma gehienak , ordea, pribatuak dira. “Aintzinako ogibideen informazioa jaso zuen bere momentuan Adratanek, lekukotzak bildu eta abar. Guk informazio horrekin benetako museoa egin nahi dugu, jende aurrean aurkeztu eta ezagutzera eraman”. Urte luzez Kultura Etxea izandako eraikina dute begitan museo bilakatzeko: “Oraindik ez dago hutsik, liburu mordoa daude; bulegoak zeudenez material asko atera behar da. Auzolan bidez egin nahi dugu hori guztia”.
Ikara gutxi eta gogo asko dituzte, bistan denez: “Momentuz estatutuak sortuko ditugu museoa kudeatzeko, eta ondoren auzolanera deituko dugu, denon artean herri museoa eraikitzeko”. Ekimena saretzeko lantaldea martxan dute, “oraindik gauza asko zehazteko baditugu ere”. Helburua argi dute: antzinako bizimodua berreskuratzea. “Lekanda aulkitegia Burdin kalean dago, apaiz etxearen aldamenean. Material hori kulturgunera eramango bagenu, kalteak jasango lituzke akaso. Herrian bisitatzeko hainbat gune izatea gustatuko litzaiguke: aulkigintza lokal horretan, zapatariena beste batean...”.