Manuel Murias, Urduñako alkatea Guda Zibilean: Kondenatua, indultatua, fusilatua

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ira. 16a, 07:00
Argazkiak: Murias sendia, Jon Aurtenetxe eta Bizkaiko Errepublikazaleak

Iragan igandean -irailak 9- 81 urte bete ziren Manuel Murias Diaz de Cerio Larrinagako kartzelan fusilatu zutenetik. Oso gaztea zela joan zen Urduñara bizitzera, eta hiriko alkatea izan zen Guda Zibilean, denbora tarte labur batez. Bilbo Frankisten esku erori eta gutxira atxilotu eta heriotza zigorrera kondenatu zuten. Azken unean indultatua izan zen arren, exekuzioa azkartu egin zuten indultua kartzelara garaiz ez iristeko.

“Hilketarik egin ez dutenak indultatzen dituztela diozu. Ba, azken hiru egunetan 40 ‘santu’ erail dituzte. Gaur goizean nire zeldara deitu dute eta jada eramango nindutela pentsatu dut. Baina kide bati egokitu zaio: Galdakaoko 29 urteko mutil nazionalista bati. Oso mutil ona zen, ez dut gehiago jarraitu nahi”.

Manuel Murias Diaz de Cerio urduñarraren hitzak dira horiek, irailaren 7an Larrinagako kartzelan gutun batean idatzitakoak. Handik bi egunera fusilatu zuten.

Bizpahiru hilabete baino ez zituen eman preso, baina senideei 45 gutun idaztera iritsi zen. Idazki horiek eta beste hainbat informazio iturri baliatu ditu bere semeak -Manuel Murias Olabuenagak- bere aitaren biografia osatzeko.

Algortan jaio zen Manuel Murias Diaz de Cerio, 1903. urtean. “16-17 urte zituela etorri zen Urduñara, lan bila”, azaldu du. Zapata fabrika batean sartu zen. “Urduñan oinetako fabrika asko zeuden, 10 tailer txiki egon ziren. Ez zegoen mekanizaziorik, eta persona asko behar ziren zapatak egiteko”.

Modu horretan ezagutu zuen bere emaztea izango zena: Alberta Olabuenaga. 1929. urtean ezkondu ziren, eta handik gutxira atondu zuten elkarrekin zapata tailer propioa, belaunaldiz belaunaldi igaro zena, 1998. urtean -Manuel Murias Olabuenaga erretiratu zenean- itxi zuten arte.

Athleticen proba egitear
Kirolzale amorratua ere bazen Murias. Urduñako futbol taldean jokatzen aritu zen hainbat urtez. Argazki honetan, baloia duen mutilari heldua dagoena da Murias:

“Athleticen proba batzuk egitea proposatu zioten”, oroitu du bere semeak, “baina kirola utzi behar izan zuen, lesio bat zela eta”. Kideek oroigarri hau oparitu zioten orduan:

Ideologia politikoari dagokionez, EAJren aldekoa zen zapatari gaztea. “Baina bazuen justizia sozialarekiko bokazioa, eta agian horregatik -eta garaiko testuinguruagatik- idazkari gisa hasi zen Urduñako Talde Errepublikarrean”.

Guda Zibilean alkate
Handik gutxira jazo zen Frankoren altxamendu militarra. Garai hartan Urduñako Udalak zazpi zinegotzi tradizionalista eta 4 zinegotzi jeltzale zituen. Estatu kolpea eman zenean tradizionalistek alde egin zuten, eta udalbatza berria osatu zen, Bizkaiko gobernadore zibilaren aginduz. “Udalbatza berria osatzeko ekitaldira bertaratu zen gobernadorea, Guardia Zibilaren zonaldeko buruarekin batera”.

EAJ jatorrizko lau zinegotziei Fronte Popularreko beste lau batu zitzaizkien, Murias tartean. Segundo Echeguren izan zen lehen alkatea, baina ez zuen asko iraun karguan. “1936ko abuztuaren 4an hiriaren inbasioa gertatu zen. Jende armatu ugari jaitsi zen Barrerillatik eta Peñaviejatik, hiru talde guztira”.

Une horretan hautatu zuten Murias alkate. Hiria babesteko sortutako Defentsa Juntaren buru ere izendatu zuten. Hilabete bakan batzuk egon zen gobernuan, urrira arte. “Orduan Eusko Jaurlaritza osatu zen, eta udala aldatu, zortzi zinegotzi izatetik hamaika izatera igaroz”. Hala, Miguel Salazar Pinedo izendatu zuten alkate eta Muriasek alkateorde gisa jarraitu zuen.

Urduñako Udala Bilbon
Frankistek Urduña hartu zutenean jende askok Bilborantz jo zuen. Bertara joan ziren baita ere udal ordezkariak, eta euren ardurekin jarraitu zuten Marqués del Puerto kalean, hiriburua frankisten menpe geratu zen arte. Alabaina, semeak ez daki aita noiz atxilotu zuten, baina handik gutxira izan zelakoan dago, “uztaila partean”.

Larrinagako kartzelan sartu zuten, eta bertan egon zen fusilatua izan arte:

“Guardia Zibilak eta Urduñako frankista batek salatu zuten”, azaldu du semeak, “oso maitatua zen Urduñan, kaleko jendearen aldetik, batez ere. Baina kazikeek ezin zuten jasan. Nik neuk pairatu izan dut aberatsek pobreekiko gauzatzen zuten zapalkuntza hori. Toki guztietan pasatzen da hori, baina Urduñan batez ere”.

Ez dago epaiketaren gaineko informaziorik:“alkatea eta Defentsa Juntako burua izatea aski izan zen, gudan inplikazio askoz gutxiagoa izan zuen jende andana erail zuten”.

Erlojupeko lasterketa
Orduan hasi zen bere bizitza salbatzeko erlojupeko lasterketa. Prozesu horretan berebiziko garrantzia izan zuen Alberta Olabuenagak -bere emazteak- eginiko lanak. “Aitarentzako jarrera oneko ziurtagiriak eskuratzeari ekin zion eskumako jendearen artean. Sinadura ugari biltzea lortu zuen, aitak lagun asko zituelako eskumako sektoreen artean baita”. Udalera jo zuen orduan Olabuenagak, eta alkateak esan zion modu ofizialean bidaliko zituztela ziurtagiriak, epaiketan eragin gehiago izan zezaten. Sinadura horiek, baina, ez ziren inoiz iritsi, bi dokumentu baino ez ziren aurkeztu epaiketan, Manuelek adierazitakoaren arabera. Gauzak hala, heriotza zigorrera kondenatu zuten.

Auziaren berrikuspena lortu zuen gero, baina zigorra berretsi zuten. Salamancara jo zuen orduan Olabuenagak, garai hartan bertan baitzegoen Estatu Nagusi Zentrala. “Marcos Telleria koinatuarekin joan zen, ideologia eskuindarreko persona entzutetsua”. Bertan kapitain nagusi batekin hitz egin zuten. “Jende asko indultatzen ari zirela esan zien militarrak, eta euren eskaera jaso zuen”, aipatu du familiako kideak.

Indultua eta exekuzioa
Eta hala izan zen: heriotza zigorrera kondenatutako urduñarraren indultua egon zen. “Baina norbaitek presa sartu eta aita fusilatzeko agindua eman zuen”. Indultatuta zegoela erail zuten, beraz. Gaur egun, bere aita “fidakorregia” izan zela uste du Murias Olabuenagak. “Bera izan zen ihes egin ez zuen bakarra. Udaleko gainontzeko kargu politikoek erbestera jo zuten, Mexikora, Venezuelara edo Frantziara, besteak beste”.

Handik urte batzuetara, paper eta tramite asko egin ostean, gorpua Urduñara eramatea lortu zuten senideek. Egun, bertan dago lurperatuta.

Bere heriotzak hutsune handia utzi zuen eta familia zoritxarreko egoeran geratu zen, gainera. Emazteak bi seme zituen eta hirugarrena bidean zegoen. Horrez gain, zapata lantegiaren ardura bere gain hartu behar izan zuen emakumeak.

Bere azken gutunean Manuel Muriasek eskatu zion Alberta Olabuenagari azaltzeko seme-alabei eraila izan zela. Halaber, erregutu zion argitzea asko maite zituela eta etorkizunean jakin beharko zutela etsaiak barkatzen, berak barkatu baitzituen hil baino lehen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide