Urduña Hiria Herri Krosa probaren antolakuntzako azken txanpan dago Arando Korrikalari Taldea. Aurten XIV. edizioa egingo dute eta, herrigunean abiatu dituzten lanen ondorioz, ibilbidea aldatuko dute.
Hala ere, lasterketaren muina ez da oso ezberdina izango; 10 kilometro inguru bete beharko dira eta horretarako Urduñako erdigunea 3 edo 4 aldiz zeharkatu beharko da. Arbietora eta Gamara ere joko dute lasterkariek.
Adin guztietako 800 parte-hartzaile
Yolanda Remirez de Ganuza Arando taldeko kideak iragarri du 800 lasterkari espero dituztela. Hasteko, 320 helduk, 35 paralinpikok, 180 "minitxikik" eta 300 "txikik" eman dute izena eta oraindik epea ez da amaitu. Berez, Internet bidez edo Bilboko Bikila dendan egin daiteke, eta baita egunean bertan ere, proba hasi baino lehen. Hilaren 26an eta 27an Alondegian egiteko parada emango dute.
Yolandak nabarmendu du partaidetzaren aldetik kopuruak mantentzen direla, baina azken aldian herriko jende gehiago animatzen dela. Halaber, uste du emakumeen parte hartzea sustatu behar dela gehiago: "gutxik ematen dute izena".
Paralinpikoak
Antolatzaileek nabarmendu dute eurentzat bereziki hunkigarria dela kirolari paralinpikoen parte hartzea. Bereziki, La Muerako erabiltzaileek eta Javier Conde Klubeko lasterkariek ematen dute izena.
Kategoriak
Paralinpikoak ez ezik, helduak, "minitxikiak" eta "txikiak" ere lehiatzen dira Urduñan. Kategoria bakoitzaren ibilbideak berezko ezaugarriak ditu eta txikiena oso motza da.
Yolanda Remirez de Ganuzak azaldu du horri esker familia hitzordua dela Herri Krosa, kide guztiek maiz korrika egiten baitute.
Lasterketen ordenari dagokienez, helduak hasiko dira eta. Ondoren aterako dira paralinpikoak, gero "txikiak" (2003 eta 2009 urte bitartean jaioak) eta, azkenik, "minitxikiak" (2010ean edo geroago jaioak).
Txipa
Aurtengo berritasuna izango da txipa erabiliko dutela lasterkarien denborak kontrolatzeko. "Orain arte eskuz egin dugu dena, baina etorkizunean baliabide elektronikoak baliatu nahi ditugu, lan gutxiago eskatzen baitute. Hori dela medio, inskripzioak 7 euro balioko du helduentzat eta paralinpikoentzat, iaz baino euro bat gehiago. "Umeek euro bakarra ordainduko dute" argitu du Remirez de Ganuzak.
7 antolatzaile eta hainbat boluntario
Arando Korrikalari Taldeko 7 kidek hartzen dute bere gain krosaren antolakuntza: baimenak eskatzea, inskripzioak kudeatzea... baina egunean bertan urduñar ugarik laguntzen dute dena ondo atera dadin.
Yolanda Remirez de Ganuzak nabarmendu du oso eskertzekoa dela lasterketaren hurrengo egunetan jasotzen dituzten mezuak, askok zoriontzen baitituzte egindako lanagatik.