Musika banden topaketak egingo dira Urduñan datorren azaroaren 17an -larunbata-. Urduñako Santa Zezilia Bandak antolatu du egitasmoa, Urduñako Udalaren babesarekin. Urduñako taldeaz gain beste bi bandek hartuko dute parte topaketan: San Asensioko Musika Bandak (Arabar Errioxa) eta Eskoriatzako Musika Bandak (Gipuzkoa). 100 musikari baino gehiago batuko dira hirian.
Santa Zeziliako kideek azaldu dutenez, hiru banden arteko lotura Jesus Urrutia izan da. “Gure bandako zuzendari gonbidatua izan da duela 15 urtetik hona, eta San Asensioko Bandako zuzendaria ere bada, eta laster Eskoriatzako Bandan ere arituko da".
Egun osoko egitaraua
Goizetik arratsaldera arte luzatuko da topaketa. Eguerdiko hamabietan egingo dute musika banden harrera, Foru plazan. Kalejira egingo dute jarraian, hiriko kaleetan barrena. 13:30ean Foru plazan bilduko dira berriz, bi obra jotzeko. Arratsaldean, aldiz, banden kontzertua egingo dute, 19:30ean. Talde bakoitzak bi pieza aurkeztuko ditu emanaldi horretan.