Hiru kilometroko distantzia dago Amurrioko erdigunetik Mendeikara. Etxegoienera joateko errepidea hartu behar da, Zaraobe Institutua eta Aresketa Ikastola igarota. Bide estua da, eta ezin dira bi auto aldi berean igaro. Etxegoien igarota, baina, nabarmen okertzen da egoera, 900 metroko lurrezko pasabide gorabeheratsu bihurtzen baita errepidea.
“Azken egun hauetan eguraldi ona egin du. Horregatik, orain aukera dago bide horretatik ibiltzeko, oinez edo lur orotako ibilgailu batekin. Baina neguan bide hau iraganezina bihurtzen da”. Hala azaldu dute Mendeikako Administrazio Batzarreko kideek.
Nahiko suminduta daude gaiarekin, normalean hamar kilometro egin behar izaten baitituzte Amurriora joateko. “Errepide nagusira sartu behar izaten gara, aipatutako bidea egoera onean ez dagoelako”.
Etxegoien Araba da. Mendeika, aldiz, Bizkaia (Urduña). Biak lotzen dituen bidea, ordea, Aiara udalerritik igarotzen da. Lurralde nahasketa horrek zaildu egiten du arazoa, Mendeikako bizilagunen aburuz. “Arabarrak izango bagina afera hau aspaldi egongo litzateke konpondua, ziur”.
Aspaldiko aldarria
Oso bide zaharra da Mendeikatik Amurriora doana, Administrazio Batzarreko kideek azaldu dutenez. “Dinamita baliatuta zabaldu zen, eta merkatariek bide hori hartzen zuten ardoa Bilbora eramateko”. 50. hamarkadan egin zen bidea konpontzearen eskaera lehenbiziko aldiz, eta orduz geroztik Mendeikako herritarren aldarria izan da.
Gaia hainbat aldiz eztabaidatu da Arabako Foru Aldundian. “Santiago Abascal Escuzak eraman zuen lehenbizi, PPn zegoenean. 2016an, aldiz, EH Bilduk aurkeztu zuen bidea konpontzeko proposamena, baina ez zen aurrera atera”.
Azken hilabeteetako obrak
Azken hilabeteetan hainbat obra egin ditu Arabako Foru Aldundiak bidean, Mendeikako Administrazio Batzarreko kideek azaldu dutenez. “Otsailean ekin zioten bidea zabaltzeko lanak egiteari eta udara arte egon dira horretan. Hainbat zuhaitz moztu dituzte eta lurra mugitu dute, bidea atontzeko”.
Salatu dutenez, inor ez da herriko kideekin harremanetan jarri obra horien berri emateko. “Sekulako lana egin dute, baina bideak lehen zituen arazo berak ditu oraindik”.
Dirua jartzeko prest
Mendeikako Administrazio Batzarreko kideek nabarmendu dute eurak prest egongo liratekeela bidea konpontzeko beharrezko dirua jartzeko. “Badugu dirua gordeta, halako kasuren batean erabili ahal izateko”.
Egin dituzten kalkuluen arabera, 20.000 euro kostatuko luke obrak. “Ez dugu bidea asfaltatzea edo gehiago zabaltzea proposatzen, ibilgailuak igarotzeko minimo batzuk bermatzea baino ez, 'todo-uno' deritzon materiala erabilita”. Nabarmendu dutenez, ez dute bidearen erabilera monopolizatu nahi. "Gure helburua izango litzateke elkarbizitza sustatzea oinezkoen (mendizaleak, korrikalariak, txirrindulariak eta abar) eta herritarren (baimendutako ibilgailuak) artean".
Azaldu dutenez, uda hasieran Foru Aldundiko basozainetako batekin hitz egiten egon ziren, eta honek esan zien soluzio hori aproposa izan zitekeela.
Etxegoiengo bizilagunekin bilera
Bilera horretan hainbat kezka plazaratu zituzten Etxegoiengo bizilagunek. Alde batetik, bidea konpontzeak autoen trafikoa handitu egingo lukeela adierazi zuten. “Guk erantzun genien prest geundekeela hori ekiditeko moduak aztertzeko, bidea Mendeikako bizilagunek soilik erabili ahal izateko”. Hala ere, Etxegoiengo ordezkariek nabarmendu zuten hori kudeatzea oso zaila izango litzatekeela.
“Era berean, jende batek uste du bide hori konponduz gero Mendeikako lursailak birbaloratu egingo liratekeela eta aukera hori baliatuko genukeela jabegoak saldu eta txaletak eraikitzeko. Hori ez da egia. Mendeikan lur bakan batzuk baino ez dira urbanizagarriak, eta horien jabeok ez dugu ezer saltzeko asmorik”.
Beste egun batean biltzekotan geratu ziren bi administrazio batzarretako ordezkariak. “Handik denbora batera Etxegoiengo kideek mezu bat bidali ziguten esanez Nekazaritza Diputatuarekin bildu zirela eta honek esan ziela bidea zegoen bezala geratuko zela. Hori da jaso dugun azken informazioa”.
Aiaraldea hedabidea Etxegoiengo administrazio batzarrarekin jarri da harremanetan artikulu hau osatzerako orduan, baina ez dute gaiari buruzko adierazpenik egin nahi izan.
Herria, geroz eta despopulatuago
Azken hamarkadetan Mendeikak beherakada nabarmena izan du populazio aldetik. “Lehen 80 pertsona inguru bizi ginen, gaur egun 17 baino ez gaude”. 5 baserri abandonatu daude herrian, herriak pairatzen ari den despopulazioaren seinale.
Administrazio batzarreko kideen ustez, Amurrioraino doan bidearen egoerak “eragin zuzena” du populazioaren beherakadan: “Mendeikako jende gehienak Amurrion egiten du bizitza. Bertan lan egiten dugu eta bertako eskoletara eramaten ditugu umeak. Herrira jaisteko 3 kilometro egin ordez 10 egin behar badira geroz eta gehiago izango dira Amurriora bizitzera joango direnak, hemen geratu ordez”.
Nabarmendu dutenez, egun Mendeikan bizi diren pertsona gehienak oso nagusiak dira, ez dago belaunaldi aldaketarik bermatuta.