“Pianoa da nire ihes hodia. Barne sentimenduetan oinarrituta daude sortu ditudan abestiak”

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abe. 10a, 19:11
Izaskun del Cerro Lopezek txikitatik jotzen du pianoa. / I.C.L

IZASKUN DEL CERRO LOPEZ (Urduña, 1977) dantzari gisa aritzeagatik da ezaguna batez ere. Abenduaren 16an, aldiz, lehenbizikoz arituko da jendaurrean pianoa jotzen. Bere 6 abesti aurkeztuko ditu kontzertu berezian.

Dantza irakasle gisa zara ezaguna. Pianojole modura igandekoa izango da zure estreinaldia?

Bai. Txikitatik jotzen dut pianoa, dantzan baino lehenago hasi nintzen musikan. Betidanik gustatu izan zait musika taldeen bertsioak egitea, baita nire abestiak sortzea ere. Iaz arte, ordea, kantu bakarra nuen. Kontserbatorioan egin nuen erdi mailako gradua, 8 urte eman ditut pianoa ikasten. Oso gogorra izan zen karrera, baina bukatzea lortu nuen.

Zure sei abesti aurkeztuko dituzu igandean. Emaitzarekin pozik al zaude?

Jende aurrean pianoa jotzeak beldur eszenikoa eman dit beti. Orain arte, ez nuen nigan konfiantzarik, ahalduntze ariketa izan da. Aurtengoa oso urte berezia izan da niretzat, gauza onak eta ez hain onak gertatu zaizkit; sentimendu mordoa izan ditut, horri esker egin ditut abestiak. Jendeari esker ausartu naiz pausoa egitera, beldur asko bainuen. Lagun batek, emanaldia sortzeko data jartzea gomendatu zidan, eta horrela idatzi nuen proiektua. Behin hori eginda, ikusi nuen ez zegoela atzera bueltarik. Astebete baino gutxiago falta da, eta pozik bezain izututa nago.

Emanaldi berezia prestatu duzu. Zergatik deitu diozu Piano taupadak?

Nire sentimenduetan oinarrituta daude piano abestiak eta ikuskizuna, nire taupadak dira. Egin nuen lehenbiziko kantari izen hori jarri nion, horregatik deitu dut horrela ikuskizuna. Igandean izango da emanaldia, 18:30ean Urduñako Llarena jatetxean.

Ez zara, hala ere, bakarrik arituko. Zerekin egingo du topo ikus-entzuleak?

Kolaborazio asko izango ditut, oso pozik nago. Pianoarekin uztartu ditut poesia, reggaea, rocka, dantza... Ramon, Iskander, Irati, Iñaki, Igor, Ainhize... lagun askok hartuko dute parte. Saxoa, pianoa, baxua, akordeoia... denetariko musika tresnak egongo dira.

Kontzerturako toki informala aukeratu duzu. Gertutasuna eskertzen al da horrelakoetan?

Bai. Niretzat askoz erosoagoa da. Hasieran uste nuen emanaldi txikia izango zela, baina azkenean gauza pila bat egingo ditugu. Jatetxea handia da, eta jabea laguna dudanez, horregatik aukeratu nuen Llarena.

Nolakoa izan da ikuskizun prestaketa?

Oso profesionala. Entseguetan oso azkar eta ondo egin dugu dena. Niretzat oso gogorra izan da, jende askorekin entseatu behar izan baitut. Ordu asko izan dira, saturatuta nago orain, baina asko gustatu zait pertsona ezberdinekin elkartzea. Oso ondo moldatu dira nirekin, luxua izan da.

Aurrera begira baduzu bestelako musika proiekturik?

Diskoa grabatzea gustatuko litzaidake. Bertsioetatik aldendu eta nire kanta propio gehiago sortu nahiko nituzke. Llarenan nire 5 kantu joko ditut, eta beste 4 bertsio. Oraingoz Urduñakoa izango da emanaldi bakarra, baina Laudioko Kasinoan egitea ere gustatuko litzaidake, data zehaztu gabe badut ere.

Diskoa grabatuko duzu, beraz?

Guzti hau hasiera baino ez da niretzat. Jendearekin konpartitu nahi dut nire musika. Ideia bakoitza instrumentu batekin josi dut.

Zer nolako harrera espero duzu?

Gauza berezia izango dela uste dut, jendeari gustatuko zaiolakoan nago. Abestiak anitzak dira, estilo ezberdinekoak. Sentitzen dudana transmititzea espero dut, blokeatzeak beldur izugarria ematen badit ere. 

Abestiak sortzean izan duzu inspirazio iturri edo musikari erreferenterik?

Ez, nigan bilatu dut estiloa, barrenetik atera zaizkit piezak. Piano aurrean jarri eta ez dut ezer idazten, soinuak grabatzen ditut, gustatuz gero sortzen jarraitzeko eta bestela ezabatzeko. Piano-joleren bat ezagutzen dudan galdetu izan didatenean ez dut nortzuk diren jakin, musika punkya entzutea gustatzen zait, zumba egiten dut, eta pianoa jo. Pianoa da nire ihes hodia.

Nola definituko zenuke zure musika estiloa? Non entzun litezke zure lanak?

Sentimendu musikatua da. Youtuben daude ikusgai orain arte sortutako lanak: izas del cerro kanalean.

Urduña beti izan da musikaren hiria, askoren ustez. Zu ere iritzi berekoa zara?

Bai. Talde asko daude, baita eremu pribatuan jotzen duten musikariak ere. Esango nuke herritarren %60 musikaria dela. Musika estilo asko lantzen dira Urduñan, horregatik, babes handia jaso dut proiektu hau gauzatzerakoan, oso emozionatuta nago.

Kontzerturako toki informala aukeratu duzu. Gertutasuna eskertzen al da horrelakoetan?

Bai. Niretzat askoz erosoagoa da. Hasieran uste nuen emanaldi txikia izango zela, baina azkenean gauza pila egingo dugu. Jatetxea handia da, eta jabea laguna dut, horregatik aukeratu nuen Llarena.

Nolakoa izan da ikuskizun prestaketa?

Oso profesionala. Entseguetan oso azkar eta ondo egin dugu dena. Niretzat oso gogorra izan da, jende askorekin entseatu behar izan baitut. Ordu asko izan dira, saturatuta nago orain, baina asko gustatu zait pertsona ezberdinekin elkartzea. Oso ondo moldatu dira nirekin, luxua izan da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide