“Harresiak, berez, Urduñako historia osoa argitzen du”

Aitor Aspuru Saez 2019ko urt. 6a, 09:00
Aitor Gonzalez Gato, liburua eskutan duela. / A.G.G

AITOR GONZALEZ GATO (Portugalete, 1973) historialaria da. La muralla de la ciudad de Orduña liburua plazaratu berri du. Urduñako harresiari buruzko ikerketa sakona garatu du bertan.

Zertaz dihardu idatzi duzun azken liburua?

Urduñako harresiaren historiaren inguruko azterketa sakona da: horren jatorria, zein materialekin egina dagoen, garapena, konponketak, eraisketak… 400 orriko 100 aleko argitalpen mugatu batean laburbildua. Liburuak dozena bat plano eta grabatu, antzinakoak eta garaikideak, eta  koloretako ia 80 argazki biltzen ditu.

Zergatik piztu zuen zure interesa Urduñako harresiak?

Haren hondarrak probintziako ikusgarrienak dira; horrelako hondakin handiek, hain nabarmenek, istorioren bat ezkutatu behar zuten; eta pentsatu nuen istorio hori urduñarrei erakutsia izan zitekeela eta izan behar zela. Finean, Jaurerriko Hiri bakarraren historia ezin da bere harresia gabe ulertu.

 

“Urduñako harresiaren hondarrak Bizkaiko ikusgarrienak dira”



Zer erakutsi dizu harresiak hiriari eta bere historiari buruz?

Hasiera batean uste litekeena baino askoz gehiago. Harresiak, berez, Urduñako historia osoa argitzen du: jatorria, zergatik dituen alde zaharrak 11 kale eta ez beste kopuru bat, hirigune historikoak zergatik duen morfologia hori eta ez beste bat, Urduña zergatik izan zen Independentzia gerren eta karlistaden operazioen gertaleku nagusia… Urduña den bezalako da, orain dela ia 800 urte sortutako harresiagatik.



Orain arte argitara gabeko datuak bildu dituzu, zein motatakoak? Zein uste duzu dela garrantzitsuena?

Horrela da, bai. Hiriaren inguruan asko idatzi bada ere, beti agertzen dira argitara atera gabeko datuak, pixka bat ikertuz gero.  Nire liburuan, adibidez, ez dut arreta soilik harresian jartzen, baita desagertutako gazteluan ere. 1523an desagertu zen gotorlekua, zeinaren hondakinen arrastoa XIX. mendera arte jarraitu dudan. Argitaratu gabeko daturen bat azpimarratu beharko banu, harresiaren antzinako ateen gainean zeuden otoiztegi edo kapera txikien inguruan aurkitu dudan guztia azaltzen dudala esango nuke.  Ate horien eraisketa prozesua ere nabarmenduko nuke, egungo bibliografian gutxi dokumentatutakoa.



“1523an desagertu zen Urduñako gaztelua”



Zenbat denbora behar izan duzu liburua osatzeko eta zein izan dira zure informazio iturriak?

Azterketa xehatua egiteko 11 hilabete behar izan ditut; baina urteak dira, beste liburuak egin bitartean, Urduñari buruz eskuratzen nuen informazio oro jasotzen nuela, horrek lana “aurreratzeko” balio izan dit. Norbaiti 11 hilabete gutxi iruditzen bazaizkio, loari orduak lapurtuta izan dela esan beharra dut, ordenagailu aurrean edo antzinako orri-sorten parean egunak eta egunak emanda, eta nire emaztearekin nahiko nukeen bezain beste ez egonda, zeinak pazientzia mugagabea erakutsi duen.

Nire informazio iturriak izan dira Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa, Bizkaiko Artxibo Historiko Probintziala, Urduñako Udal Agiritegia, Jabetza-erregistroa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari ofizialetako asko, bibliografia zabal bat, bai eta egunkarietako berriak ere. Eta jakina, norberaren landa lana, beharrezko argazkiak egin, neurriak hartu, urduñarrei galdetu…

Aurretik ere idatzi dituzu beste harresi batzuei buruzko liburuak. Zer azpimarratuko zenuke Urduñakoaren inguruan?

Lehenago esan dudan bezala, ezeren gainetik bere hondakin handien ikusgarritasuna, Andra Mari elizaren iparraldean daudenena, batez ere. Era berean nabarmendu behar da harresiaren inguruan dagoen informazio andana, imajinatzen nuena baino handiagoa. Aipatu ditudan artxibategietan edo beste batzuetan ikertzen jarraituz gero, baliteke nik idatzi dudanaren tamainako beste liburu bat egin ahal izatea.  Hala ere, uste dut oinarrizko informazioa neure lanean agertzen dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide