Inbertsioetarako diru gehiago izango du udalak aurten, 4.699.951 euroko aurrekontuarekin

Erredakzioa 2019ko urt. 9a, 20:23

EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dira arrekontuak. / Urduñako Udala

Iazkoak baino  207.542 euro gehiago izango ditu aurtengo udal-aurrekontuak.

Atzo onartu zituzten Urduñako udal-aurrekontuak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. 4.699.951,48 euro baliatuko ditu tokiko erakundeak aurten, iaz baino 207.542 euro gehiago. Bizkaiko Foru Aldundiak zerga-bilketan diru gehiago bildu duelako egon da igoera hori.  Gauzak hala, aurten 3.191.788 euro jasoko ditu udalak Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren ohiko transferentzien bidez. “Ohikoa denez, hiriak bestelako diru-sarrerak izango ditu OHZ bezalako zergen, zabor edo garbiketa-tasen edota zeharkako zergen bidez”, azaldu dute udal-gobernuko kideek.

Hainbat obra eta egitasmo egingo dituzte
Ohiko gastuei aurre egiteaz gain, hainbat inbertsio eta proiekturi ere helduko die udalak aipatutako 4,4 milioi euroekin. Adierazi dutenez, Lan eta Zerbitzuen Sailaren aurrekontuak 147.390 euroko igoera izango du aurten, 514.200 eurokoa izango baita. Hainbat lan egiteko baliatuko dute diru hori: bide publikoen inbentarioa, bideen konponketa, harresiaren argiztatzea, futbol zelaiko hobekuntzak, irisgarritasun planaren berrikuspena, auzoetako mantenu lanak, ibilgailuak kargatzeko argindar puntu bat instalatzea eta hiri-altzariak erostea, besteak beste.

Gasteizerantz doan errepidean ere egingo dituzte lanak. 180.000 euro baliatuko dituzte bidea urbanizatzeko. Obraren helburua izango da gune hori “oinezkoentzat zein ibilgailuentzat” erosoagoa bihurtzea.

Horrez gain, 77.644,57 euro baliatuko dituzte Margondo eta Santa Cristinako pistak konpontzeko, iazko euriteengatik oso kaltetuak geratu baitziren. Hala ere, diruaren gehiengoa -%90- Aldundiak jarriko du. Los Milanoseko zabortegia ere berreskuratuko dute, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat baliatuta.

Elkarteentzako diru gehiago
Udalak nabarmendu du handitu egingo dituztela kirol eta kultura elkarteentzako diru-laguntzak. Horrez gain, 2.000 euro gehiago bideratuko dituzte euskararen normalizaziora.

Gizarte ongizateari dagokionez, etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratzen duen diru partida -216.000 eurokoa- mantenduko du tokiko erakundeak. Udalak nabarmendu du diru-partida hori Bizkaiko beste udalerriek dutenaren bataz-bestekoaren oso gainetik dagoela. Gainera, “Mugi zaitez!” egitasmoa indartuko dute, 15.000 euro gehiagorekin. Programa berri bat ere abiatuko dute, “Zainduz” izenekoa. 10.000 euro bideratuko dituzte menpekotasuna duten senideak zaintzen dituzten pertsonei zuzendutako ekimen horretara.

Berdintasunean ere igoera nabarmena gauzatuko dute. Iaz baino 6.500 euro gehiago izango ditu sail horrek (%22ko igoera).

Igo egingo dituzte baita formazio eta enplegu dinamizaziora bideratutako partidak, eta Lehenego Sektorera eta Behargintza zerbitzura zuzendutako diru-poltsak mantenduko dituzte.

337.764,6 euro zorretan
2004 eta 2005. urteetan eratutako zorra ordaintzen dihardu Urduñako Udala. Aurten 337.764,6 euro bideratu beharko ditu horren kitapenera. Hala ere, tokiko erakundeak nabarmendu du 51.381 euro aurreztuko dituztela argiztapenean, 2017an LED argiteria jarri zelako hirian. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide