Otsailaren 10ean elkartasun festa egingo dute Urduñan. Herritarrek abiatu dute ekimena, Amurrioko Hodei izeneko haurra laguntzeko. Izan ere, ataxia telangiectasia gaixotasuna du. Gaitza ikertzera bideratuko dituzte bildutako sosak.
Egitarauari dagokionez, goizean haurrentzat jolasak egongo dira, baita puzgarri eta buruhandiak ere. Egun osoan zehar txosna jarriko dute, eta 13:30ean AEFAT elkarteko aurkezpena egongo da, ataxia telangiectasia eritasuna jendarteratzeko. 14:00etan, berriz, zozketa erraldoia egingo dute, eta enkantea.
15:30ean mus txapelketa egingo dute, bikoteka 10€ ordainduta. Sariak ere iragarri dituzte: lehenengoentzat txapela, bigarren bikotearentzat trofeoa, hirugarrenentzat Asegarceko kamiseta eta laugarrenarentzat txakolina eta likore botila. Lehen hiru sailkatuek ere jasoko dute edari sorta. Diru hori ere elkarteari emango diote, babesletza truke eskuratu baitituzte sariak.
Arratsaldea girotzeko musika kontzertuak egongo dira: Pakean utzi arte eta Mandoilteca taldeek joko dute. Festa gunerako sarrerak euro bat balioko du, eta Athleticeko nesken baloi bat zozketatuko dute bertaratzen diren umeen artean.
Inplikazio handia
Hiru lagunen artean abiatu zuten Urduñako ekimena, baina babes zabala jaso dute. Antolatzaileen esanetan, urduñarren aldetik sekulako inplikazioa lortu dute, "saltoki gehienek eman digute zerbait". Bertako komertzioen ekarpena izango dira txosnako urdaia eta bestelako produktuak."Tortilak, gildak eta paella ere eskainiko ditugu".
Zozketarako eta enkanterako honako sariak eskuratu dituzte: Mikel Rico Athleticeko jokalariaren kamiseta, Erreala, Alaves eta Eibar taldeen lehen mailako kamisetak, Mikel Landa, Jonathan Lastra eta Jon Izagirre txirrindularien mailotak, Astana Pro Team eta Euskadi Murias fundazioaren kamisetak; Baskonia zein Bilbao Basketen elastikoa eta Eneko Atxa sukaldariaren amantala. Umeentzat zaintza zerbitzua jarriko dute Andra Mari ikastetxean.
"Aupa Hodei" lema jarri diote ekimenari. Haurra laguntzeko antzerako jaialdia antolatu zuten duela gutxi Amurrion, eta jendetzak hartu zuen parte, Aiaraldea hedabideko argazki bilduman ikus daitekeenez. Horrez gain, Babioko igoeran bildutako dirua AEFAT elkarteari eman zioten.