[ERREPORTAJEA] Nola hezi haurra generoa ezarri gabe?

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urt. 22a, 18:05
Haurrari generoa ez ezartzea erabaki du bikote urduñarrak. / Aiaraldea.eus

Umeen heziketan eta pertsonaren identitate eraikuntzan eragin nabarmena dute sexuei lotutako rolek. Badira, baina, generoa norberaren hautua izateko moduak. Urduñan bizi den bikote baten esperientziak hala baieztatu du. Haurra generoa markatu gabe hezteari ekin diote. Euren esperientzia eta bizipenak jaso ditugu erreportaje honetan.

Zer dela eta egozten zaizkio haurrari jaiotzetik -edota umeki denetik- generoa? Neska ala mutil sailkatzera ohitua dago jendartea, izateko bestelako moduei izkin eginda. Nork -eta zeren baitan- erabakitzen du pertsona baten sexu identitatea?

Umea tripan dela ere, ez da arraroa honako galdera entzutea: zer izango da, neska edo mutila? Horren baitan jasotzen dituzte guraso askok opari arrosak edota urdinak.

“Generoa errealitate konplexua da, bere bizitzan zehar hainbat modutan adierazia izango dena”, diote J.O eta N.S urduñarrek. Haurrari generoa ez ezartzea erabaki dute, berak libreki aukera dezan. “Esperimentatzeko eta aukeratzeko posibilitatea irekita izan dezala nahi dugu”.



Nola egin aurre rolei?
Hori da “galdera izarra”. Bikote urduñarrak aspaldi erabaki zuen bide hori hartzea: “Era asko daude: aktibismoa, eguneroko bizitza, jakintza, kultura... Guztiak eragiten du haurrek mundua eta euren burua ezagutzeko bidean”. Garrantzitsutzat dute gurasoek ere euren rolak zalantzan jartzea, zaintzen eremuak “mami asko” baitu. Ez da, ordea, nahi bezain erraza: “Araubidetik aldentzen garen familiok ere, zaintza lanen banaketari eta energia afektiboari dagokionez, oso bidezkoak ez diren harremanak berregiten ditugu”. Oso adi egon beharra dagoela diote, familiak baitira txikiei mundua erakusten dieten lehenak.

 

Haurrari generoa ez ezartzea erabaki dute J.O eta N.Sk, berak libreki aukera dezan



Printzesa eta heroi faseak
Printzesa eta heroi faseek laguntzen al dute? Batzuetan beharrezkoak direla pentsatzen dute. Familia ikuspegitik konfiantzan dago gakoa, euren ustetan, “laguntzeko modu egokia aurkitu behar dugu, baina umeak epaitu gabe”. Euren esperientzia prozesu hunkigarria eta aberasgarria izaten ari da, aitortu dutenez. Hizkuntza neutroa bezain barneratzailea darabilte, kantu eta ipuinen moldaketak... Horrez gain, kolore eta estilo anitzeko arropak eskaintzen dizkiete umeari, eta indarra zein samurtasuna orekatzen ahalegintzen dira. Bide horretan, sarritan, jendartearen joerak izan dituzte oztopo: “Kanpora begira zailagoa da etengabe mugak jarri behar izatea eta azalpenak ematea; askotan, ulertzen ez dituztenak, gainera. Adibidez, gure haurraren generoa berak esan arte jakingo ez dugula azaltzea, eta zentzu horretan nahiago dugula neska/mutila zara bezalako esaldi borobilak ez erabiltzea berari zuzentzeko”.



Baliabideak
Heziketa prozesuaren ipar gisa, zenbait baliabide erabili dituzte. Dena den, eremu honetan bide luzea dago egiteke oraindik, euren aburuz. “Euskal Herrian Chrysallis bezalako kolektiboek hausnarketarako eta kontzientziaziorako toki bat eskaintzen dute, bilatzen ari garenera gerturatzen dena”.

Ingelesez euskarri gehiago daude, baina badira euskarazkoak ere. Horien artean kokatu dute Bilgune Feministaren Izena eta izana ezbaian gida, “euskaraz izen neutroak jartzeko baliabide eta estrategiak eskaintzen ditu”. Gaztelerazkoen artean Buscando el final del arcoiris edo Dale a tu criatura 100 posiblidades en lugar de dos lanak nabarmendu dituzte.

 

Printzesa eta heroi faseetan umeak laguntzeko modu egokia aurkitu behar da euren iritziz, “baina haurra epaitu gabe”

 

Erreferentez galdetuta, mugimendu feministaren eta queerraren ekarpena azpimarratu dute, “beraiek izan dira generoaren eraikuntzaren gogoeta urratzen lehenak; begiratzeko, zalantzan jartzeko eta eraldatzeko hainbat tresna eskaintzen dizkigute. Esperientziak erakusten digu zein modu absurdo eta ausazkoan ezartzen zaizkion haur bati rol eta ezaugarriak, espero zaion genero horren arabera”, erantsi dute. Adibide gisa jarri dute negarra, ezberdin interpretatzen delakoan umea neska edo mutil gisa jotzen bada. “Genero bakoitzarentzat onartutako arropez hobe ez hitz egitea”.

Are luzeagoa da egoeren zerrenda: jostailuak, umeari zuzentzeko erabilitako ahots tonua... “Jarrera horiek oso automatizatuta daude, ez dirudi aurretiazko hausnarketarik dagoenik, horregatik berregiten dira hain erraz”, aipatu dute. Nahita ere ezingo lukete esan zenbat aldiz galdetu dieten euren haurra neska edo mutila den, “beste ezer baino lehenago eskatzen den informazioa da”. Hizkuntza orokortuak eragin handia du, haien iritziz: “Ematen dugun erantzunaren arabera erlazionatzeko modua aldatzen da”.

Umeari dagokionez, gurasoek pentsatzen dute helduek baino malguago bizi duela identitate prozesua. “Gure umea txikiegia da oraindik galdera horri gure esperientziatik erantzuteko, baina gertuko beste haur batzuk ikusita; generoa helduok inposatu nahi duguna baino arinago bizi dutela ikusten dugu”.

 

Queer mugimendua eta feminismoa izan dituzte liburuetan erreferente. Posta elektronikoa zabaldu dute gurasoen artean esperientziak eta gogoetak partekatzeko

 

Etxetik harago, zailtasunak
Zenbait pertsonaren babesa jaso dute J.O eta N.Sk. Alabaina, ez dute argi ahal bezala jartzen dituzten mugez harago, zabal errespetatuko den aukera izango denik.

Hala ere, euren haurrak bere generoa nahieran bizi ahal izateko sare eta gune seguruak sortzen saiatzen dira, baita familia ereduari dagokionean ere. “Kanpotik zerbait zaila, nahasia edo esperimentala egiten ari garela ematen duela sentitzen dugu; gure asmoa guztiz bestelakoa denean: aurreiritziez libratu, gure haurrak aurkitu eta behar duenaren atzetik joaten saiatu, eta entzun”.

Oztopoak oztopo, aurrera doazela pentsatzen dute: “Badirudi azken aldian heteropatriarkatuaren kontrako bistaratze eta salaketa lan handia egiten ari dela, baina urrats bat gehiago eman eta genero rolak nola eraikitzen diren aztertu beharko genukeela uste dugu”.

Finean, harreman desorekatuak saihesteko genero bitasunari -eta rolak ulertzeko zurruntasunari- aurre hartu behar zaie, “genero bizipen eta adierazpenei, bai haurrengan eta baita helduengan ere”.

Heziketa eta generoaren inguruan hausnarketa sare eta gune seguruak sortzeko asmoarekin, euren kontaktua jarri dute eskura N.S eta J.Ok, jakin-nahiak eta esperientziak trukatzeko: ortzadarraigarotzen@gmail.com. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide